Martxoak 8

[ARGAZKIAK] Emakumeen Nazioarteko Eguna modu berezian oroitu dute Ezkurran

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 9a

Emakumeen Nazioarteko Eguna gogoan, mendi martxa, bazkaria, Bularretik ehundutako aitortzak dokumentalaren emanaldia, protagonistekin solasaldia eta merienda izan zituzten atzo Ezkurran. Jende asko bildu zen Ezkurrako Udalak antolatutako hitzorduan. 

Goizean 11:00etan egin zuten hitzordua mendi martxa egiteko. 2zi kamiseta soinean eta eguraldia lagun, jende asko bildu zen eta buelta ederra eman zuten. Frontoira ailegatutakoan, herritar talde batek egindako txistorra pintxoak jan zituzten, eta ondotik, mahaiaren bueltan ere jende asko bildu zen. Herritar talde berak egindako hiru paella eder jan zituzten bazkaltzeko, eta horrez gain, edariak dohaintzak hartu zituzten, baita postrea ere. 

Arratsaldean, Bularretik ehundutako aitortzak dokumentala pantailaratu zuten, bularreko minbizia diagnostikatua izan duten bost emakumeren testigantzak biltzen dituen ikus-entzunezkoa. Bertan izan ziren bost protagonistak, eta Ezkurrako Udalak herriaren izenean detaile bat egin nahi izan zien. Zinegotziaren eta idazkariaren eskutik hartu zuten oparia. 

Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete parte hartu zuten eta laguntzen aritu ziren guztiei. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun