Martxoak 8

Elkarretaratze instituzionala egin du Malerrekako Mankomunitateak Emakumeen Egunaren harira

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 6a

Martxoaren 8a emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta jendarte eredu parekide baten aldarrikapena egiteko eguna dela oroitarazi dute elkarretaratzean. 

Honako testua irakurri dute: 

Igandean, martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna da eta hemen elkartu gara gogoratzeko gaur egun ditugun eskubide eta askatasun anitz ez direla berez etorri. Borrokaren emaitza izan dira. Antolakuntzaren emaitza izan dira. Feminismoaren emaitza izan dira.

Mendeetan zehar emakumeek egindako lanari, mobilizazioari eta ausardiari esker bozkatu dezakegu, hezkuntza jaso dezakegu, lan egin eta gure dirua kudeatu dezakegu, gure gorputzaren eta gure bizitzaren inguruan erabaki dezakegu. 

Baina badakigu bidea ez dela amaitu, erabateko berdintasuna ez baita oraindik lortu. Diskurtso antifeministek zalantzan jartzen dituzte lortutako aurrerapenak, eta horregatik, gaur inoiz baino gehiago, feminismoaren balioa eta indarra aldarrikatzen ditugu.

Feminismoa justizia sozialaren aldeko mugimendua da. Demokraziaren oinarria da. Gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baten aldeko konpromisoa da.

Horregatik, erakunde publiko gisa, gure ardura da genero ikuspegia politika guztietan txertatzea, berdintasunean heztea eta emakumeen eta mugimendu feministaren ekarpena aitortzea.

Izan ere, borroka kolektiboari esker gaude gaur hemen. Feminismoak ekarri gaitu honaino. Eta hari esker, gaur izan, egon, esan eta erabaki dezakegu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun