Alex Irigoien Telletxea

«Ttiki-ttikitatik ibili izan naiz motorren bueltan hemendik harat»

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 7a

Alex IRIGOIEN TELLETXEA, Doneztebeko motor gidaria.

Doneztebekoa da Alex Irigoien Telletxea, motor gidari eta enduroko afizionatu handia. Batez ere, enduro mundua eta motokrosa ditu gustuko, eta tartean futbol zalea ere badela aipatu duen arren, «motorrak, motorrak eta motorrak» bere bizitzaren erdigune direla egietsi du behin eta berriz. Bide beretik, bere bizitzaren gehiengoa motorrari eskaini ohi diola ziurtatu du, “mutil bat motorrari emana”, kasurako: «Beti, egunero, ahal dudan guzietan motorren artean eta motorren kontuekin ibiltzen naiz: goizean motorra eta atsaldean ere bai».

«Motorrean hasi nintzen hiru urterekin, aitak Yamaha bat oparitu zidan egunean eta gero beti Txarandakan goiti eta beheiti ibiltzen ginen»

Gibelera begira, Irigoienek kontatu duenez «ttikitatik» gustuko izan ditu motorrak eta enduro mundua ere; eta oroitzen hasita ilusio handiz gogora ekarri du haurra zelarik aitak lehenbiziko motorra oparitu zioneko eguna: «Motorrean hasi nintzen hiru urterekin, aitak Yamaha bat oparitu zidan egunean eta gero beti Txarandakan goiti eta beheiti ibiltzen ginen». Horren segidan, afizio hutsetik konpetizioetan parte hartzera salto egin zuen Irigoienek, beti ere aitaren eskutik. Hala, aita-semeak, elkarrekin bat eginda, motorrak gidaturiko norabidean ibili dira urteotan: «Bederatzi urterekin konpetitu nuen lehenbizikoz Nafarroa mailan eta hamabirekin ondotik Espainia mailan».

Ordutik, lurralde osoan barna ibili da eta konpetizio dezentetan parte hartu du, orain arte ibilitako ibilbidean hurrengoak nabarmentzen ditu: «SUB 65ean Enduroko Euskadi eta Nafarroako txapelketako txapeldun izan nintzen, hurrengo kategorian SUB 85ean ere, eta baita SUB 125ean ere. Horrez gain, 12 urterekin lehenbizikoz Valentzian aritu nintzen Enduroko Espainiako txapelketan eta seigarren gelditu nintzen eta Espainia mailan 2025eko Enduro txapelketan ere seigarren postua lortu nuen. Pasa den urtean Espainiako cross country modalitatean ere ongi ibili nintzen eta marka onak lortu nituen. Are, Galizian jokatu zen Seis Días Internacionales de Enduro (ISDE) txapelketan ere ibili nintzen».

«Beta Trueba taldekoek hilabete batzuk interesaturik zeramaten eta Espainiako txapelketako final aurrekoan egin zidaten beraiekin konpetitzen hasteko proposamena»

Beta Trueba

Hasi zenetik gaur egunera arte, txapelketaz txapelketa aitarekin «pilotu partikular gisa» ibili dela esplikatu du Irigoienek, baina hurrengo denboraldiari begira «kalitate saltoa» eman duela iragarri du. Beta Trueba taldearekin arituko baita konpetitzen hemendik aitzinera eta «kontent» agertu baita: «Hilabete batzuk interesaturik zeramaten eta Espainiako txapelketako final aurrekoan egin zidaten beraiekin konpetitzen hasteko proposamena, aitarekin eztabaidatu eta onartzea erabaki genuen».

Duela bi hilabete inguru hasi zen Irigoien Beta Truebarekin entrenatzen; Bartzelonan egon zen ez duela anitz eta «exigentzia maila nabarmenki handitu» dela aitortu du: «Astean hiru edo lau egunez motor gainean entrenatzen dut, eta bertze egunetan korrika edota kiroldegian ibiltzen naiz».

Etorkizunera begira, motorrean ibiltzen segituko duela argi du. Hari beretik, ahal izanez gero hortatik bizitzea ere «ikaragarri ongi» legokeela gehitu du, nahiz eta bidea «zaila» izan daitekenaren jakitun izan. «Momentuz motor gainean segituko dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun