Martxoak 8

Mendi Abesbatzak kontzertu berezia emanen du larunbatean Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 5a

Mendi Abesabatzako kideak iazko kontzertuan.

Aurten ere emanaldi berezia eginen du Doneztebeko Mendi Abesbatzak Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Emanaldia larunbatean, martxoaren 7an izanen da Doneztebeko eliza atarian 12:00etan.

Kontzertuaren bidez, abesbatzetan emakumeek duten garrantzia azpimarratu nahi dute, abesteaz gain, zuzendaritza musikalean zein maila guztietako antolaketan duten parte hartzea nabarmenduz.  «Abesbatzen munduan emakumeak ez dira erdia, aunitzez gehiago baizik. Abeslarietan, korda arduradunetan, batzordeetan, zuzendaritzetan, instrumentu laguntzaileetan... dudarik gabe emakumeak gehiengoa dira eta horregatik, bereziki garrantzitsua da euren papera agerian uztea». 

Kontzertua emakumeek bakarrik abestuz hasiko dute eta Francisco Escuderoren Izar ederra eta Pablo Sorozabalen  Txiki txikitik kantatuko dituzte. Ondotik gizonezkoekin batera emakumeak ardatz dituzten Rosana abeslariaren Si tu no estaás aquí, Juncal Guerreroren Mutil txaleko gorri eta Mokoroaren Sorgin dantza kantatuko dituzte. 

Kontzertua bukatzeko Uxue Alberdik idatziriko eta Mikel Markezek musikaturiko Konplize ditut eta kantatuko dute entzuleekin batera. 

Kontzertua Mendi Abesbatzak antolatu du Doneztebeko Udalaren laguntzarekin.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun