Herri gehienetan inauteen seinalea egina dutenean hartuko dute saldiastarrek lekukoa. Gazteek martxoaren 5etik 7ra antolatu dituzte inauteak, ostegunetik larunbatera, eta haurrek, gazteek eta helduek izanen dute ongi pasatzeko aukera.
Ostegun goizean, martxoaren 5ean, umeek kalejira eginen dute herrian barna. Biharamunean, ostiralean, 18:00etan mus txapelketa antolatu dute, eta ondotik, triki-poteoa eta afaria eginen dituzte herriko ostatuan.
Larunbata izanen da inauteetako egun handia. Goizean, baserriz baserri eskean ibiliko dira Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariekin eta Miguel Angel Agerralde musikariarekin. 14:00 aldera mahaiaren bueltan bilduko dira, eta herriko ostatuan bazkaria eginen dute. Arratsaldean, eskean segituko dute bertsolariekin eta musikariarekin batera; 16:00-16:30 aldera hasita, herrian barna ibiliko dira.
Gazteek inauteetan parte hartzeko eta animatzeko deia egin diete herritarrei.