Odontopediatriako zerbitzu berria du Doneztebeko Irurita Rubio hortz klinikak. Esther Martinez Martinez espezialistak artatzen ditu haurrak eta asteazkenetan pasatzen du kontsulta. Zerbitzuari eta espezialitateari buruzko xehetasunak kontatu dizkio Ttipi-Ttapari.
Zer da odontopediatria?
Haurren ahoaz arduratzen den odontologiako adarra da.
Zein formazio izaten duzue odontopediatriako profesionalek?
Odontologiako bortz urteko gradua egiten dugu, eta gero hainbat master daude. Odontopediatriari dagokiona bi edo hiru urtekoa izaten da. Nire kasuan, hiru urteko masterra egin nuen. Gainera, odontopediatria eta ortodontzia hagitz erlazionatuak daude, eta horregatik, ondotik ortodontziari buruzko masterra ere egin nuen. Bi masterrak eginda, haurraren ikuspegi globala daukat.
Zein adin tarteko pazienteak artatzen dituzue?
Haurtxoetatik nerabeetaraino. Haurren hortzak zaintzeko programa, PADI gisa ezagutzen duguna, bortz urtetik hamasei urtera arte izaten da eta normalki hortik aitzinera dentista orokor batek artatzen ditu. Hala ere, inportantea da haurrei lehenengo hortza ateratzen zaienetik prebentzioa lantzea. Idealena litzateke lehendabiziko hortza ateraz geroztik odontopediatra batengana eramatea haurrak.
«Hezurrak nola handitzen diren ere aztertzen dugu»
Zein izaten dira zuen kontsultara joaten diren pazienteak?
Bortz urte betetzen dituzten arte, haurrak ez daude PADI programaren barrenean, eta garrantzitsua da kontziente izatea adin tarte horretan ere haurrek beren errebisioak egin behar dituztela, eta inportantea dela ikusteko hezurrak nola hazten ari diren.
Zergatik da inportantea hori?
Hagitz ttikiak direnetik dentistara etortzen diren haurrek arrisku gutxiago izaten dutelako gerora kariesak eta bertzelako arazoak garatzeko. Sei urterekin etortzen direnean, dagoeneko sei urte igaro dira pautarik gabe. Tarte horretan inork ez du ikusten hortzak nola hazten diren eta zein diren beraien ohiturak. Nola irensten duten, biberoia nola hartzen duten, hatza ahora sartzen duten… Hori dena ttikitatik aztertzea hobe da, ahalik eta lasterren diagnostikatu eta ondotik tratamenduak ere leunagoak izanen direlako. Hori aztertuta, ortodontzia eta gisako tratamenduak ere ekiditen ahal ditugu.
Zer baloratzen duzue haurrek egiten duten lehen bisita goiztiar horretan?
Ez ditugu hortzak bakarrik aztertzen. Hezurrak nola hazten diren aztertzen dugu, hozkada, aurpegiko simetria, arnasa nola hartzen duen, mingainaren posizioa eta ea garapena aldatu dezakeen faktorerik dagoen.
Gaur egun ume ttikiak eramaten dira kontsultara?
Geroz eta gehiago. Egia da pediatria eta lehen arreta zerbitzutik haurrak dentistara bideratzen dituztela eta gurasoak gero eta informatuagoak daudela. Kostatzen ari da, baina gero eta haurtxo gehiago ikusten ditugu.
Ortodontistari dagokionez, noiz joan beharko lirateke haurrak?
Aunitz zabaldutako mitoa da esneko hortz denak erortzean joan behar dela, baina hori ez da zuzena. Ortodontistara lehendabiziko bisita sei edo zazpi urterekin egin beharko litzateke, oraindik ere esne hortzak daudenean.
«Kariesa izaten da haurrek izaten duten arazorik ohikoena»
Zein dira haurrek izaten dituzten ohiturarik txarrenak?
Ahotik arnasa hartzea, hatza miazkatzea, txupetea luzaroan ibiltzea eta gaizki irenstea. Ohitura horiek luzaroan izanez gero masailezurren hazkundeari eta aurpegiaren formari eragin diezaiokete.
Ahotik arnasa hartzea aipatu duzu arazo gisa. Zer gertatzen da haur batek arnasa ahotik hartzen badu?
Ahotik arnasa hartzeak eragina izan dezake aurpegiaren garapenean, hozkadan, loaren kalitatean eta haurraren eguneroko errendimenduan. Laster detektatzeak aukera ematen digu arazo handiagoak sortu aurretik jarduteko.
Zer aholku segitu beharko lukete gurasoek haurren hortzak zaintzeko?
Garrantzitsuena lehen hortzak ateratzen direnetik errebisioak egitea da, eta errebisio horiek hiru edo sei hilabetetik behin errepikatzea. Hori inportantea da etorkizuneko arazoak ekiditeko eta baita haurrek dentistarekin harreman osasuntsu bat izateko ere. Haurra ttikitatik ohitzen bada dentistara etortzera, zerbait naturala izanen da beretzat, pediatrarenera joatea bezala, eta etorkizunean ez du etortzeko beldurrik izanen.