Iruñeko Alde Zaharreko erremonte profesionaleko txapelketa - Construcciones Mariezkurrena Sari Nagusiaren final laurdenetako bigarren jardunaldia jokatuko dute otsailaren 28an, larunbatean 18:00etan hasita, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Gogoratu behar da lehen fase honetako partida guztiak Donezteben jokatzekoak direla. Promozio mailan, Oses eta Agirrezabala, Koteto Ezkurra III.a doneztebarraren eta Markel Leatxe donamariarraren kontra ariko dira eta lehen mailan, Zeberio II.a eta Barricart, joan den urtean txapeldun izan ziren Matxin III.aren eta Ionen kontra.
Txapelketako jaialdi guztiak bezala, larunbatekoa ere ADANO elkartearen aldekoa izanen da.