Juanenea ez da Masters txapelketaren finalean izanen

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 23a

Juaneneak ez du udako sasoi punttua izan masters txapelketan eta, bi partidak erraz galduta, finaletik kanpo gelditu da.

Endika Barrenetxea IV.a izanen da Imanol Ansaren aurkaria Banakako Kutxabank Masters Torneoko finalean, ligaxkako azken partidan Aritz Juanenea saldiastarrari 30-15 irabazi ondotik. Atzelari hernaniarra Saldiaskoa baino gehiago izan zen.

Barrenetxea IV.a 30-15 nagusitu zitzaion saldiastarrari eta Ansa II.aren kontra ariko da hernaniarra larunbateko finalean

Partida 7-9ra arte berdinduta egon zen, baina Barrenetxearen 12-1eko partzialak partida erabakita utzi zuen. 21-8koaren ondoren errenta handitu egin zen eta 25-10ekoan alde handiena iritsi zen. Juaneneak 5-1eko partziala egin zuen, eta hamaika tantora jarri zen, 26-15, baina azken lau tantoak Barrenetxearenak izan ziren 30-15 partida akitzeko.
Barrenetxea hobe aritu zen sakean bederatzi tantorekin, nahiz eta lau falta ere egin zituen saketik. Baina alderik handiena piloteoan izan zen. Barrenetxeak gehiago asmatu zuen jokoa aldatzen eta 17 tanto ere egin zituen piloteoan eta Juaneneak zazpi bertzerik ez. Juaneneak falta bat saketik eta lau tanto saketik egin zituen.

Barrenetxeak garaipena merezita lortu zuen udan erakutsi zuen mailan aritu ez den Juanenearen aurka. Ansa II .aren eta Barrenetxearen arteko finala larunbatean jokatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun