Bidasoko Bide Berdean Doneztebeko babes galeriako obrak akituta, asteburuan ireki dute pasabidea

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 23a

Babes galeriaren lanak akituta, asteburu honetan ireki dute Doneztebe eta Sunbilla arteko bide zatia.

Doneztebe eta Sunbilla artean, presaren ondoan, babes galeria eraikitzeko lanak akitu berri dituzte. Doneztebeko Udalak exekutatu du obra eta Cederna Garalur elkarteak kudeatzen dituen Next Generation EU funtsei esker egin dute. Obrak egin bitartean, Doneztebe eta Sunbilla arteko zatia itxita egon da (abuztuaren 18tik otsailaren 20ra), eta asteburu honetan ireki dute.

Obra honek 473.710,17 euroko kostua izan du eta Sasoi Eraikuntzak egin du

Bide berdearen tarte horretan pasatzen diren erabiltzaileen segurtasuna bermatzea zuten helburu, menditik harriak erortzen direnerako babesa sortuz.

Hasiera batean obra abenduaren 31rako akitzea aurreikusita bazuten ere, lanak egiten ari zirenean ikusi zuten zati horretan  bideak  zuen zoladurarekin zailtasun teknikoak izanen zituztela. Horren ondorioz, lanak egokitu behar izan dituzte eta horrek obra akitzeko epea gibeleratzea ekarri du.

 

473.710 euroko kostua

Galeriaren horren kostua 473.710,17 eurokoa izan da. Obra Sasoi Eraikuntzak egin du, eta proiektuaren zuzendaritza teknikoa Iñaki Galilea Calleja eta Juan Bautista Guallart Vega ingeniarien ardura izan da.

Esku hartze hau «Baztan-Bidasoan turismo jasangarri, seguru eta kalitatezkoa sustatzeko estrategiaren barrenean» kokatu dute, mugikortasun jasangarria eta ingurune naturalaren gozamena bultzatzen dituzten azpiegiturak hobetuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun