Malerrekako Berdintasun Plana diseinatzen hasiko dira martxoan

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 19a

Malerrekako Mankomunitatearen egoitza.

Malerrekako Mankomunitateko hamahiru udalerrien eta herritarren beharrak islatzen dituen plan bat diseinatu eta onartu nahi dute aurten. «Diseinu prozesuan parte hartzeko gonbita» egin diete herritarrei, eragileei eta udaletako eta mankomunitateko ordezkariei.

2026an bere lehenbiziko Berdintasun Plana diseinatu eta onartuko du Malerrekako Mankomunitateak. Hala jakinarazi du berdintasun zerbitzuak, eta horrekin, «gizarte eraldaketan pauso garrantzitsua» eman nahi du. Elhuyarren laguntza teknikoarekin, berdintasun zerbitzuak gidatuko du, eta helburua «argi» dute: «Plana hamahiru udalerriena eta bertako herritar guziena izatea, ez erakundearena bakarrik». Horregatik, hain zuzen, «diseinu prozesuan parte hartzeko gonbita» egin diete herritarrei, eragileei eta udaletako eta mankomunitateko ordezkariei.

Orain arteko bidea

Plana ez dute hutsetik abiatuko. Izan ere, azken urteetan hainbat azterketa egin dituzte errealitatea ezagutzeko, tartean, 20024an argitaratutako Malerrekako Emakume eta Gizonen Berdintasunari Buruzko Diagnostikoa.Txosten horretan«datu esanguratsuak eta kezkagarriak» bildu zituzten: «soldata arrakala, zaintza lanen feminizazioa eta biztanleriaren zahartzea, bertzeak bertze». Hain zuzen, egoera horri buelta emateko mankomunitateak joan den urtean berdintasun teknikaria kontratatu zuen.

Lehenbiziko hitzordua

Plana diseinatzeko bidean, lehenbiziko «mugarri publikoa» martxoaren 3an Donezteben eginen duten mahai ingurua izanen da: Inguruko eskualdeetan zer ikasi dute berdintasun politiken inguruan? Zer ekarri nahi dugu eta zer ez Malerrekara? izenburupean Nafar Lansareren egoitzan bilduko dira, 19:00etatik 21:00etara. Bortzirietako eta Baztango berdintasun teknikariak, mugimendu feministako kideak eta berdintasun zinegotziak gonbidatuko dituzte. Horrez gain,«herritarren interesak, kezkak eta lehentasunak biltzeko», galdetegi bat zabalduko dute WhatsAppez.

Barreneko lana

Ez da epe motzean egin nahi duten lan bakarra. Udaberrian «erakunde barreneko lana» egiteko intentzioa dute: «Udaletako eta mankomunitateko arduradunek eta teknikariek planeko ekimenen bideragarritasuna aztertuko dute, proposamenak errealistak eta eraginkorrak izan daitezen».

Azkenik, «landutako plana herritarrekin kontrastatzeko», ekainaren 13an ekitaldi irekia eginen dute.

Diagnostikoko datu adierazgarri batzuk

Bidenabar, 2024an argitaratutako diagnostikoaren datu batzuk gogora ekarri nahi izan ditu berdintasun zerbitzuak.

Demografia: zahartzea eta maskulinizazioa

Demografiaren kasuan, «Malerrekako biztanleriaren egiturak generoari eta adinari dagokionez desoreka nabarmenak» dituela oroitarazi du:

  • Zahartzea: Biztanleria Nafarroako banaz bertzekoa baino zaharragoa da, bereziki herri ttikienetan, eta horrek zaintza beharrak handitzen ditu.
  • Maskulinizazioa: Eremu maskulinizatuta da; gizonak gehiengoa dira (% 52 inguru) eta emakumeak guttiengoa (% 48). Biztanle helduenak emakumeak izan arren, lan adinean dauden emakume aunitz eskualdetik joaten dira lan aukera faltagatik.
  • Migrazioa: Etorkinen kolektiboan emakumeak dira nagusi, aunitzetan zaintza lanetan dabiltzanak. Zaintza lanen prekarietatea, ordea, arrunt gordina da.
Ekonomia: soldata arrakala eta prekarietatea

Ekonomiari erreparatuz, «emakumeen egoera ekonomikoa gizonena baino kaskarragoa» dela nabarmendu du.

  • Soldata arrakala: Malerrekako emakumeek gizonek baino % 21,5 guttiago irabazten dute urtean. Nafarroako banaz bertzekoa % 19koa da.
  • Jatorriaren araberako arrakala: Atzerritar jatorriko pertsonek bertakoek baino % 28 guttiago irabazten dute.
  • Pentsioak: Adinekoen artean arrakala are handiagoa da; pentsionisten artean % 37ko aldea dago gizonen eta emakumeen artean.
  • Lan partziala: Lanaldi partzialeko kontratuen % 76 emakumeenak dira, eta horrek haien autonomia ekonomikoa mugatzen du.
Zaintza lanak

Zaintza lanei dagokienez, «zama ia guztia emakumeen gain» dagoela dio mankomunitateak aipatutako diagnostikoari erreferentzia eginez, eta «baliabide publikoen falta nabarmena» dela.

  • Etxeko langileak: Zaintza aunitz interna moduan dauden emakume migratzaileen esku daude. Gizarte Zerbitzuek identifikatutako 78 zaintzaileetatik 70 emakumeak dira, eta horietatik 56 interna gisa ari dira.
  • Familiaren zama: Estatuan, zaintza beharren % 86 familien bidez egiten dira, bereziki emakumeen bidez. Erakunde publikoek eta kontratu formalek zaintza beharren % 7 estaltzen dituzte.
Parte hartze politikoa eta soziala

Parte hartze politikoaren eta sozialaren kasuan, «botere guneetan gizonak nagusi» dira eta «emakumeek herri mugimenduetan presentzia handia dute».

  • Udaletan: Ordezkari politikoen artean desoreka handia dago: 47 gizon eta 26 emakume daude karguetan.
  • Elkartegintza: Emakumeen parte hartzea handiagoa da kultur eta hezkuntza elkarteetan, baina kirolean gizonak dira nagusi.
Indarkeria matxista

Indarkeria «errealitatea» den arren, «baliabideak urrun» daudela ere gogoratu dute.

  • Salaketak: 2023an 16 salaketa aurkeztu zituzten Malerrekan indarkeria matxistagatik, Nafarroa iparraldean 112 guztira.
  • Baliabide falta: Ez dago arreta zerbitzu finkorik eskualdean; biktimek Iruñera jo behar dute aunitzetan laguntza espezializatua hartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun