Literatur tailerra emanen du Hasier Larretxea idazleak Donezteben

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 11

Hasier Larretxea idazle arraioztarrak gidatuko du saioa.

'Sendatzen duten hitzak' izeneko literatur tailerra emanen du idazle arraioztarrak Donezteben.

Literaturan ibilbide emankorra egin duen idazlea da Larretxea, eta iaztik Sendatzen duten hitzak literatur tailerra ematen ari da hainbat herritan. Martxoan hasita, Donezteben eginen dute tailerra. 

Bi orduko saioak izanen dira eta astelehenetan eginen dituzte martxoaren 9an eta 23an, apirilaren 20an eta maiatzaren 4an eta 18an. 18:00etatik 20:00etara elkartuko dira Galbaraialden. Ikastaroa debalde da eta izen ematea 641 58 99 08 zenbakian eta santesteban@doneztebe.es helbidean egiten ahal da. 

Ikastaroaren nondik norakoak

Idazketa terapeutikoa lantzen duen ikastaroa da Sendatzen duten hitzak literatur tailerra eta eta norberaren baitakoetara bidaia emozionala proposatzen du Larretxeak.  Errespetuzko eta konfidentzialtasuneko espazio hurbila eta segurua sortzeko diseinatu du eta elkargune seguru bat sortuko du eta elkarrenganako zubiak lantzeko.  

Zauri pertsonalak eta kolektiboak lantzeko aukera izanen da, migrazio esperientzia geografiko eta emozionalak, familia zatituekin lotutako bizipenak eta memoria indibidualak eta kolektiboak, memoria historikoari lotutakoak barne,

Parte hartzeko ez da idazteko esperientziarik eta Larretxeak tresnak emanen dizkie parte hartzaileei horretarako. Idatzitakoa partekatzea borondatezkoa izanen da. 

Genero eta sexu afektibitate identitate aniztasunari tartea eskainiko diote eta arreta bereziz landuko dituzte isildutako narratibak, bizitza esperientzi aniztasunak, pertsona bakoitzaren bereizgarriak eta genero eta sexu afektibitate identitatearen aniztasunak. 

Mina, trauma memoria eta ahanztura lantzen duten autore garaikideak landuko dituzte: Piedad Bonnett, Chantal Maillard, Laura C. Vela, Christian Bobin, Louise Glück, Theodor Kallifatides, Kirmen Uribe, Eider Rodriguez bertzeak bertze. Musikari dagokionez saio bakoitzean, musika erabiltzen da gogoetarako eta idazketarako testuinguru bat sortzeko, bai eta kantuetarik zenbait ariketa abiarazteko. Ludovico Einaudi, Max Richter, Ólafur Arnalds, Federico Albanese, Lambert, Valeria Castro… bezalako musikarien doinuak adituko dituzte saioetan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun