Aunitzetan izana zen Malerrekan lehenago, baina sekula ere ez inauterietan. «Doneztebeko inauteen lehen oroitzapena 1990. urtekoa edo izanen da. Oroitzen naiz herriko gazteek ezkontza bat interpretatu zutela, eta jende pila bat inplikatu zela, gauza izugarri polita iruditu zitzaidan».
Doneztebera bizitzera joan eta handik urte batzuetara auzoko bertze emakume batzuekin atera zen lehendabizikoz desfilean, eta geroztik «urtero ateratzen saiatzen naiz» kontatu du. Pasioz mintzo da inauteez, eta pasioz bizi ditu aitzineko prestaketa egunak ere.
2013. urtetik Menditxuri deitzen dioten karrozarekin ateratzen da Angie larunbateko desfilean, eta kuadrilla ederra osatzen dute. «Koreografiak prestatzen ditugu, eta 30n bat lagun edo ibiltzen gara». Ikusmina pizten dute beren mozorroek eta karrozek: «Jendea gure zain-zain egoten da, nik uste grazia edo egiten diegulako. Musika alaia paratzen saiatzen gara, hori inportantea baita. Karroza beti ongi egina egoten da baina inportanteena guk sortzen dugun giroa da».
Larunbata bai, baina ortziralean ere inaute giroan murgilduta ibiltzen da, izan ere hainbat auzotarrekin batera harrera egiten die gazteei. «Duela urte batzuk, baserriak gutxitzen ari zirela eta, gazte batzuk aipatu zuten herrian ere harrera egiten ahal geniela eta horrela hasi ginen». Pandemia aitzinetik hasi ziren horretan Elizagibela auzoan, eta gaur egun 30 lagun baino gehiago biltzen dira gazteen harrera prestatzeko. Pozarren bizi du gazteekin elkartzea Angiek. «Gazteek inauteez disfrutatzen dute, eta gu beraien arrimuan kontent ibiltzen gara» kontatu du. Gazteek harrera «izugarri» eskertzen dutela dio eta herritarrak elkartzeko manera polita dela: «Inportantea da lanaz harago herritarrekin elkartu eta besta giroan egotea».
Mozorrorik gustukoenak
Orain arteko mozorro denek ekartzen dizkiote oroitzapen onak Angieri, baina barrenean gordea du Boney M taldeaz mozorrotu zirenekoa: «Izugarri ongi pasatu genuen, eta jende gaztea ere gurekin igo zen dantzatzera». Gehiago ere bai: «Gazteak beraien karrozan disfrutatzen ikusten dituzunean, eta gurekin dantzatzera etorri nahi dutela ikustea polita da».
Inauteak barren barrenetik bizi ditu, eta luzaroan segitu nahiko luke horrela, nahiz eta uztea pentsatu izan duen tarteka: «Batzuetan pentsatzen dut 60 urteren bueltara ailegatuta badela erretiratzeko ordua, baina geroz eta gehiago gustatzen zaizkit inauteak eta uste dut ongi nagoen artean segituko dudala parte hartzen». Hori aldarrikatu nahi du, inauteak eta bestak ez direla gazteentzat bakarrik: «Geroz eta jende heldu gehiagok parte hartzen du desfilean eta polita da hori lortu izana».
Aurtengo mozorroa ere prest dute dagoeneko, eta gogoz dira dantza eta barre artean inaute giroan murgiltzeko.