Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Inaute Astelehena eta Asteartea joan dira Aurtitzen, Iturenen eta Zubietan. Astelehena izan zuten inauteetako egun handia Iturenen eta asteartea Zubietan. Astelehenean Aurtizko eta Zubietako joaldunei egin zieten Iturengoek Iturenen. Asteartean, aurtiztar eta iturendarren bisita izan zuten zubietarrek. Batean nahiz bertzean hainbat joaldun eta mozorro plazaratu dira, herritarren eta bisitarien gozamenerako. Iturenen 81 joaldun atera ziren, Ismael Elizalde eta Juanito Mariezkurrena buru zutela (34 Iturengoak, 24 Zubietakoak eta 12 Aurtitzekoak eta 11 ttiki); Zubietan ere 81 joaldun atera ziren, Mikel Loiarte eta Pedro Arregi buru eta Iñaki Etxeberria hartzazain zituztela, 33 Zubietakoak (tartean zazpi ttiki), 30 Iturengoak eta 18 Aurtitzekoak. Argazkiak: Maria Larretxea, Juanito Ibarrola, Juan Mari Ondikol eta utzitakoak
Hondarreko egunak
Inauteetako egunik indartsuenak, batez ere kanpotarrei begira, pasatu direla erran daiteke, baina oraindik badute zer ospatu Aurtitzen, Iturenen eta Zubietan. Urtarrilaren 28an, asteazkenean kontuen eguna dute Zubietan. Goizean puska biltzea eta gosaria izanen dute eta arratsaldean joaldunak aterako dira. Iturenen bazkaria izanen dute, ilunabarrean puska biltzea, afaria eta Holako taldearen kontzertua. Aurtitzen bazkaria, puska biltzea eta afaria.
Urtarrilaren 31n, larunbatean eginen dituzte kontuak Iturenen. Eguerdian dantzak eta herri kirolak izanen dituzte, bazkaria Julio Soto eta Joanes Illarregi bertsolariekin eta musika gauera arte. Aurtitzen zahar afaria eta dantzaldia akordeoilariarekin.
Otsailaren 1ean, igandean izanen dute kontuen eguna Aurtitzen. Bazkaria eta inauterien akabaila.
Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.