Masters txapelketatik kanpo gelditu da Josetxo Ezkurra

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 26a

Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak bi partida irabazi ditu Masters txapelketan, baina Azpirozen kontra galdu eta ez da hiru onenen arteko ligaxkan sartuko.

Azpiroz izanen da Ansa II .aren aurkaria Banakako Kutxabank Masters Torneoko hil edo biziko azken partidan. Uitzikoak 30-19 gainditu zuen larunbatean Galarretan Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra Galarretan jokatutako partidan. Hasiera berdindua izan zen, baina Azpiroz Ezkurra baino gehiago izan zen, batez ere 7-8 eta 24-14 artean, non 17-6ko partziala egin zuen. 

Doneztebekoak 30-19 galdu zuen Azpirozen kontra eta Uitzikoa izanen da Ansa II.aren arerio hurrengo kanporaketan

Ordura arte partida berdindua izaten ari zen, baina Ezkurraren lau hutsek eta Azpirozen sakeak partida hautsi zuten. Irabazleak zortzi tanto egin zituen saketik galtzailearen biren truke. 12-10etik 24-14ra pasa zen eta hortik aurrera irabazleak ederki kudeatu zuen lortutako errenta. 30-19ra arte.

Orain Ansa II.aren aurka neurtuko ditu indarrak, partida zailagoan, baina Azpiroz fresko dago zangoz eta kolpez. Partida horren irabazleak, Aritz Juanenea saldiastarra eta Barrenetxea IV.a ditu esperoan hiruko ligaxkan.

Ligaxka otsailaren 7an hasiko da, 16:30ean iragarri den jaialdian. Bigarren partidua otsailaren 14an jokatuko da, 16:30etatik aitzinera eta ligaxka otsailaren 21ean bukatuko da, 15:15ean hasiko den jaialdiarekin. Ligaxkako bi lehenbiziko sailkatuek finala jokatuko dute otsailaren 28an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun