Seigarren aldiz antolatu zuen iaz Iruñeko Udala Bertsopaper Lehiaketa Nafarroako Bertsozale elkartearekin batera. Urte berriarekin batera jakinarazi dituzte saridunak. Denera hamar lan aurkeztu zituzten eta B kategoria hutsik gelditu du ez delako parte hartzailerik izan.
A mailan, 2012 edo beranduago sortutakoen artean, bigarren saria Beñat Anbustegi elizondarrarentzat izan da Euskararen Eguna bertso sortarengatik. 100 euroko saria hartuko du.
C mailan, maila nagusian, Alazne Untxalo iturendarra izan da sariketaren irabazlea. Lau haurridetan zaharrena lanarekin irabazi du sariketa bertsolariak. Hirugarren saria ere eskualdera etorri da. Xabi Maia elizondarrak lortu baitu Erori ez den hori sortarekin. 1.500 euroko eta 500 euroko sariak lortu dituzte hurrenez hurren.
Sari emate ekitaldia Bertsoaroa zikloan eginen dute, otsailean.