Inauteak 2026

Inauteriei begira hainbat ohar egin dituzte Iturengo eta Zubietako udalek

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 22a

Sare sozialetako argazki eta bideoekin zentzuz jokatzeko eskaria ere egin dute Iturengo eta Zubietako udalek.

Urtarrilaren 26an eta 27an inauterietako egun handiak dituzte Zubietan, Aurtitzen eta Iturenen, eta horren harira, kontuan hartzeko oharren berri eman dute bi udalek. Bertzeak bertze, «joaldunen eta mozorroen ibilbidea errespetatzeko» eskatu dute eta «eraso matxistak ez direla festaren parte» oroitarazi. «Indarkeria edo errespetu faltaren bat ikusten baduzu, ez gelditu isilik».

Inauteriak ongi pasatzeko mezua zabaldu diete bi herrietako udalek herritarrei eta bisitariei, «festa giroa izan dadila nagusi». Baina horrekin batera, zortzi puntuko bandoa zabaldu dute heldu den astelehenean eta asteartean, urtarrilaren 26an eta 27an, ospatuko dituzten inauteriei begira:

  1. Debekatua dago plazan aparkatzea.
  2. Zubietan eta Iturenen, herrian sartzeko udalak emandako baimen berezia erabiliko da ibilgailuendako, «zurekin eraman».
  3. Behin errepidea itxita, Zubieta eta Iturengo herritarrek Iturengo industrialdean eta Zubietako zerrategian izanen dute aparkatzeko aukera, bakoitzean 40 bat leku.
  4. Ezinbestekoa da joaldun eta mozorroen ibilaldia errespetatzea. Joaldunak plazan sartu arte karrozak plazan EZ sartzea ere eskatzen dugu.
  5. Asegurua eta ibilgailuen azterketa teknikoa indarrean ez duten auto eta traktoreak ezin dira atera.
  6. Desfilea akitu ondotik karrozak ez utzi plazan eta herriko karriketan, bakoitzak bere tokira erretiratu.
  7. Zentzuz jokatu argazki eta bideoekin sare sozialetan.
  8. Indarkeria edo errespetu faltaren bat ikusten baduzu, ez gelditu isilik. Eraso matxistak ez dira festaren parte. Gozatu gure inauteriez errespetuz, elkarbizitzaz eta berdintasunez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun