Inauteak 2026

«Mozorro ateratzeko baldintza bakarra, ongi pasatzeko gogoa izatea da»

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 23a

Ekiñe Mindegia aurtiztarra.

Ekiñe MINDEGIA BALEZTENA aurtiztarra.

Inauteak «urte osoko bestarik hoberenak» direla dio Ekiñe Mindegia Baleztena aurtiztarrak: «adin guzietako herritarrak elkartean biltze hori da niretzat bereziena. Zazpi egunez elkarrekin egoten gara goizean goizetik hasi eta goizaldeko ordu txikiak arte».

Eguberri inguruan hasi zituzten prestaketa lanak: «kuadrillarekin elkartu eta mozorrotzeko ideiak pentsatzen hasten gara eta urtarrilean osatzen dugu mozorroa. Beharrezko gauzak erosi, etxean ditugunak moldatu edo elkarri utzita». Tenorez hasi arren, azken asteetan lotzen dituzte xehetasun guztiak : «prestaketa lan horien aitzakian gehiagotan elkartu eta ederki pasatzen dugu».

Ttikitatik izan du mozorrotzeko afizioa: «Oroitzen naiz ttikitan ahizpak beti mozorroren bat erosten zidala. Gero, etxeko trapu zaharrak hartu eta lagunekin mozorrotzen hasi nintzen». Azkar ikasi zuen zein zen gozatzeko sekretua: «mozorro ateratzeko baldintza bakarra ongi pasatzeko gogoa da, hori gabe ezinezkoa da. Oso ongi pasatzen dut ezagutzen dudan jendeari zirikan».

Hamabi edo hamahiru urte izanen zituen lehenengo aldiz karroza egin zutenean eta gogoan ditu lehenbiziko aldi hartako urduritasunak: «dena ongi ateratzea nahi genuen, baina oraindik oso gazteak ginen eta beldur puntu bat ematen ziguten bertze mozorroek». Gero, gustura ibili ziren nonbait, «geroztik, urtero egin dugu zerbait».

Zazpi egunez besta

Trikitiaren hauspoa gogoz astinduz  hasten ditu inauteak Mindegiak: «Lehenbiziko ortzegunean, puskak biltzen ditugu. Egun horretan guk jotzen dugu trikitia eta ondotik afaria izaten dugu elkartean». Larunbatean eta igandean segida izaten du bestak: «larunbatean afaria izaten dugu eta parranda. Igandean kuadrillarekin aperitiboa hartu, bazkaldu eta dantzaldia izaten dugu. Azken hiru urteetan,  herritarrak mozorrotzen hasi gara bazkarira joateko. Ilunabarrean puxka biltzea egiten dugu eta giro izugarria izaten dugu. Bukatzeko, elkarrekin afaltzen dugu elkartean».

Biharamunean,  beretzat «inauteetako egunik bereziena»  dena heldu da: «astelehen goizean elkartera joaten gara gosaria antolatzen laguntzera. Gosaldu eta mahai inguruan kantuan aritu ondotik, puskak biltzen ditugu. Azken urteetan izugarrizko giroa izan dugu musikari dezente elkartzen direlako. Handik mozorrotzera joaten gara, Iturenera bisita egin, elkartean bazkaldu eta bestarekin segitzen dugu». Asteartean eta larunbatean ere, izaten dute ongi pasatzeko nahikoa aukera eta igandean, «kontuak egin eta bazkariarekin» borobiltzen dituzte inauteak.

Herrien arteko lotura

Inguruko herrien arteko lotura ere irudikatzen dute inauteek: «momentu batean edo bertzean Aurtizko, Iturengo eta Zubietako herritarrak elkartzen gara. Elkarri bisita egiten diogu eta polita izaten da konexio hori».

Atzerako kontaketa hasi da trikitia astindu, etxeko trapu zaharrei hautsa kendu eta Aurtizko elkartea inautezaleen aterpe bihurtzeko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun