Inauteak 2026

«Baserrietan kantu eta kontuen artean sortzen den giroa bikaina da»

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 22a

Garaine Iriarte Petrirena gogotsu dago inauteetarako.

Garaine IRIARTE PETRIRENA,  Sunbillako gaztea

Inauteetan bada mugarri izaten den adin bat: hamasei urteak betetzea. Orduan izaten dute neska-mutilek lehenbizikoz baserrietako eskean ateratzeko aukera. Garaine Iriarte Petrirenak iaz bete zituen hamasei urte eta aitortu du «gogotsu» zegoela, «urteak bete eta tradizio horren parte izateko». Aurreikuspen guztiak gainditu omen zituen bizi izandakoak: «Taldeak arrunt ongi hartu ninduen eta esperientzia zoragarria izan zen. Urduritasuna, poza... emozio askoren nahasketa». Bigarren aldiak lehenbizikoa gainditu ote dezakeen probatzeko gogotsu dago orain: «Urtarrilaren 23a ailegatu eta baserriz baserriko itzulia bertze behin egiteko».

«Urtean behin izaten den besta da eta egun horietan haur, gazte zein helduen artean herrian giro berezia sortzen da»

Inautezalea da Iriarte: «urtean behin izaten den besta da eta egun horietan haur, gazte zein helduen artean herrian giro berezia sortzen da». Betidanik izan da inauteri zalea eta gogoan ditu umetako oroitzapenak: Egunero mozorrotzen ginen. Eskolako jaialdia egiten genuen eta  larunbateko dantzaldirako eta igandeko karroza desfilerako ere ilusioz prestatzen genuen mozorroa». Umetako oroitzapenei tiraka, badu berriz ere jantzi nahiko lukeen mozorro bat: «pitufoz mozorrotu nahiko nuke urteren batean». Ez du aurreratu zein izanen den aurtengo mozorroa, baina ia seguru esan daiteke inauterietan etxeak ez duela azpian harrapatuko:  «Ortziralean, goizeko bederatzietan hasi eta igande arratsa bitarte egitaraua bete-betea egoten da».

«Zorionez aldatu dira garaiak eta gibelean gelditu dira neskak eskean ateratzen ez ziren garaiak»

Baserrietako eskea zer den probatu ondotik, zalantzarik gabe dio gazteekin baserriz baserri ibiltzea dela berari gehien gustatzen zaiona: «Baserrietan kantu eta kontuen  bueltan sortzen den giroa bikaina da». Berrogeita hamar bat lagun elkartu ziren iaz, «hamasei eta hogeita hamar urte artekoak. Gaur egun mutil gehiago daude oraindik, baina geroz eta neska gehiago animatzen gara». Hala gehitu du: «Zorionez aldatu dira garaiak eta gibelean gelditu dira neskak eskean ateratzen ez ziren garaiak». Gaur egun, eskea herritarren arteko harremanak indartzeko bidea dela uste du: «herriko baserri batzuk ezagutu eta bertako bizilagunekin kantuan eta dantzan ibiltzeko aukera ederra izaten da». 

Ortziralean goizeko bederatzietan egiten dute hitzordua gazteek: «kanpineko gosariarekin hasten dugu eguna. Gero, bi taldetan banatzen gara eta, akordeoilari batek lagunduta, tokatutako baserrietako bideari ekiten diogu. Egun osoan baserriz baserri ibili eta, tartean, herrira bazkaltzera jaisten gara». Arratsean, eskeko atorra eta koloretako zapia etxean utzi eta lehenbiziko mozorroa jartzen du soinean: «erositako zerbait izaten da normalean. Eguberrietan hasten naiz prestaketa lanetan».

Larunbatean, herriko etxeen txanda izaten da: «egun osoan ibiltzen gara inauteri giro alaia batean eta bertzean zabaltzen». Igandea, berriz, lotsak etxean utzi eta lagunekin gozatzeko eguna izaten dela dio: «Kuadrillakoekin gosaldu, mozorrotu eta karrozen desfilean ateratzen gara». Pasa den urtean aukeratutako mozorroak jolaserako aukera eman zieten: «autotxokeak egin genituen eta arrunt ongi pasa genuen». Desfilea bukatzen denean, ez da bukatzen besta: «kuadrillakoekin bazkaldu eta arratsaldean Ulibeltzak Elkartean izaten den dantzaldian inauteetako azken orduak aprobetxatuko ditugu». Gero, inauteetako balantzea egitean, galdetu beharko zaio bigarren aldiak lehenbizikoak bezain onak ote diren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun