Hondarribiko Arrantzale Kofradiari buruz bi liburu idatzi dituzte Izaskun Zubialdek eta Bakarne Atxukarrok

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 6a

Izaskun Zubialde zubietarra, Bakarne Atxukarrorekin batera Hondarribiko arrantzale kofradiari buruz idatzi dituen bi liburuen aurkezpenean.

Hondarribiko Done Pedro Arrantzaleen Kofradiak abenduan aurkeztu zituen Bakarne Atxukarroren eta Izaskun Zubialde zubietarraren liburuak, 1.200 gazteren aurrean, «itsasoa eta bere kulturaren eta arrantza arduerak mendeetan Hondarribiari eman dizkion balioen inguruko ezagutza» sustatzeko helburuarekin.

‘1361 Done Pedro, Hondarribia’ eta ‘Rufino Berrotarán y los peligros del mar’ liburuak aurkeztu dituzte eta salmentatik biltzen den dirua Aspanogi elkartera bideratuko dute

Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiaren ibilbidea jasotzen dute argitaratutako bi lanek. 1361. urtean sortu zen kofradia, eta 1361 Done Pedro, Hondarribia liburuak hori bera du ardatz. Bigarren argitalpena, Rufino Berrotarán y los peligros de la mar, XIX. mendeko haur hondarribiar baten esperientzia kontatzen duen haurrentzako ipuina da. Haurra 11 urterekin kofradiako kidea zen osabarekin itsasora atera zen eta bizia galtzeko zorian egon zen. 

Norberto Emazabal Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiako eta Gipuzkoako Arrantzaleen Federazioko lehendakariak aipatu zuenez, garrantzitsua da beretzat etorkizuneko belaunaldiek jakitea eta ulertzea zein garrantzitsua den arrantza sektorea nortasunean eta udalerrian, eta «gure ogibidea lan-aukera duin eta etorkizun oso interesgarrikoa dela berriro ikustea».



Aspanogi elkartearen alde

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak egitasmoaren esanahia nabarmendu zuen: «Liburu hauek Hondarribiko itsas kulturaren ondarea jasotzen dute, belaunaldien arteko loturak indartuz eta gure gazteei elkartasunaren, ausardiaren eta zaintzaren balioak helaraziz. Horien bidez, historia eta tradizioa bizirik mantenduko ditugu, eta etorkizuneko komunitatea indartuko dugu». Topaketak gaurko itsasoko pertsonen eta euren etorkizuna osatuko duten belaunaldien arteko batasuna sinbolizatu nahi izan du.

Kofradiak egitasmoa Gipuzkoako ospitale onkologikoan dauden gazteei zabaldu nahi izan die. Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Familien Elkartearen laguntzari esker, argitalpenen aleak helarazi zaizkie ospitaleratutako gazteei, eta udalerriko itsas kultura hurbildu zaie. Gainera, bi liburuak Hondarribiko Done Pedro dendan daude salgai eta bildutako diru guztia Aspanogi elkartearentzat izango da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun