Eloy Otxandorena txapeldunorde eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketan

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 22a

Otano txapeldun eta Eloy Otxandorena doneztebarra txapeldunorde, eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketako finalaren ondotik, igandean Agoitzen.

Igande arratsaldean Agoitzen jokatutako finalean 30-27 galdu zuen Otanoren kontra

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak eta E•Remonte Iruña enpresak antolatutako eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketa-Martiko Sari Nagusiko finala jokatu zuten igande arratsaldean Mikel Otanok eta Eloy Otxandorenak Agoitzeko Toki Eder pilotalekuan. Lehia ikusgarriaren ondotik, Otano 30-27 nagusitu zitzaion Otxandorenari.

Jaialdiko lehen partida bikain eta berdinduan, Matxin III.ak eta Ionek 30-29 irabazi zioten Zeberio II.ari eta David Mitxeo doneztebarrari.

Finalari dagokionez, aski lehia estua eskaini zuten Otanok eta Otxandorenak. Lehen bi tantoak Agoitzekoak egin zituen, baina hirunako berdinketaren ondotik, lehen aldiz 3-4 aitzinetik jarri zen Doneztebekoa. Lau tanto segidan egin zituen Agoitzekoak (7-4) baina gero Otxandorenak bortz egin zituen bata bertzearen ondotik (7-9). Bederatzina, hamahiruna eta hamaborzna berdindu ondotik, bortz tanto segidan egin zituen Otanok (20-15) eta aldeari euste jakin izan zuen. Zazpi tantoko aldea ere izan zuen (24-17 eta 27-20), baina hiru tantora (28-25) eta bira ere (29-27) hurbildu zen Otxandorena, baina ezin izan zuen buelta eman (30-27).

Otxandorena paretaren kontra, jokoan sartzen.

Huts guttiko finala izan zen: Otanok 25 tanto egin zituen jokoan eta 23 Otxandorenak eta sakez bosna tanto egin dituzten.

Otano jokoan sartzen eta Otxandorena erne.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun