Asteasuko jaialdian, Gari Garmendiak irabazi du Euskadiko harri handien harri jasotze txapelketa, Jokin Eizmendiren agurrean
Etxebesteren markaren ondotik, Euskadiko harri handien harri jasotze txapelketa jokatu zen. Gari Garmendia Intxausti suertatu zen txapeldun, denera 7.100 kilo altxatuta (200 kiloko laukizuzenari 6 altxaldi, 175 kiloko zilindroari 13 altxaldi, 150 kiloko kubikoari 10 altxaldi eta 125 kiloko bolari 17 altxaldi). Jokin Eizmendi Manterola izan zen bigarren, 6.750 kilo altxatuta eta Sergio Mielgo Lopez hirugarren, 3.775 kilo altxatuta.
Jokin Eizmendiren agurra
Txapeldunorde izan arren, Jokin Eizmendik bere txapela eta omenaldi hunkigarria ere hartu zuen. Hainbat urtez harri altxatzen aritu ondotik, uztea erabaki du eta familiaren, harri altxatzaileen eta lagunen omenaldia hartu zuen. Harri altxatzaileek aurreskua ere dantzatu zioten eta Eizmendik, berak dakien bezala, harria altxatuz agurtu zituen harri jasotzaileak eta publikoa.