«Eguberriek xarma berezia dute niretzat»

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 24a

Ane Etxalar Zugarramurdi, Sunbillako gaztea.

Ane ETXALAR ZUGARRAMURDI, Sunbillako gaztea.

Aurkeztu zeure burua

Bere ingurukoekin egotea eta planak egitea gustatzen zaion Sunbillako gaztea.

Zein afizio dituzu?

Eskubaloia eta bertsolaritza. Kirolerako afizioa nire ahizparengandik heldu zait. Bertsolaritza eskolan Estitxu Arozenarekin ezagutu eta gero bertso eskolan ere ibili nintzen.

Bertsotan arituz edo entzule, noiz gusturago?

Noizean behin bertso paperen bat idazten badut ere, entzule gisa nahiago. Hala ere, bertsotan aritzera bueltatzeko txirrinta beti hor dago.

Ingeniaritza industriala ikasten ari zara.

Betidanik gustatu izan zaizkit eskulanak eta letretan baino zientzietan gusturago aritu izan naiz. Gainera, ingeniari batek hamaika lanetan akitu dezake eta ateak zabalik uzteak konfiantza eman zidan bide hori hartzeko.

Astea etxetik kanpo emanda, gustura itzultzen zara herrira?

Bai. Iruñea ez dago urruti, baina nire hemengo eta hango errutinak hagitz desberdinak dira eta ortziraletan herrira gogoz bueltatzen naiz.

Zer du soberan Sunbillak?

Kontraerran bat dela dirudi, baina soberan duen hori bere ezaugarririk ederrena ere badela uste dut. Sunbillan beti baduzu jende, plan eta errutina eroso eta lasaia. Lasaitasun hori du alde eta kontra. Luzaroan erosoegi egon zaitezke eta tarteka zure txokotik ateratzea ona dela uste dut.

Proposatu Sunbillan egiteko mendi itzuli bat...

Suspirotik Estamoa alderako buelta, ez da jende gehiegi ibiltzen eta hagitz polita da.

Astebururako planik hoberena?

Goizean mendira joan eta amatxirekin bazkaldu. Ilunabarrean lagunekin gelditu eta ondotik inguruko herriren batean bestarako aukerarik badago, hobe!

Eguberri zalea zara?

Bai, hagitz. Xarma berezia duten egunak dira eta azkeneko urteetan gehiago. Familiako denak elkartzea geroz eta zailagoa da eta data hauetan elkartzeko aprobetxatzen dugu. 

Urtearen balantzea egiten duzu abenduaren 31n?

Ia oharkabean, baina nostalgiak harrapatzen nau eta urtezahar edo urte berri egunek daukadan guztian eta ez daudenetan pentsatzera eramaten naute.

Urte berrirako desio bat?

Nire jendea ongi egotea eta azkenaldian zabaltzen ari den gorroto eta mendeku nahia apaltzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun