Ituren, Zubieta eta Aurtizko 9 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzendua da eta 15:00etan hasiko da Pulunpa eskolan
Mattin jualduna fikziozko film labur bat da, Ituren, Zubieta eta Aurtizko herrietan negu honetan grabatuko dena. Joaldunen unibertsoan inspiraturik eta haurrek naturarekin eta mitoarekin daukaten harremana lantzen dituen filma da. «Proiektua inauteriekiko, joaldunaren pertsonaiarekiko eta herritarrekiko errespetu osoan garatzen ari gara», dio Ekaitz Bertizek.
Zinema grabaketa batean parte hartzeko gogoa izateaz gain, protagonistaren papererako derrigorrezkoa da haurrak (neska kasu honetan) inauterietan joareak jotzea (orain arte jo izana edo aurten joko dituena lehenbiziko aldiz). Gainontzeko pertsonaientzat ez da derrigorrezkoa izanen joaldun izatea.
Larunbatean 15:00etan Pulunpa eskolan hasiko den castinga haurrei egokitutakoa izanen da, erraza, zuzendaria ezagutzeko gehien bat. Ez da beharrezkoa izanen antzerkigintzan esperientzia edukitzea. Partaidetza boluntarioa izanen da eta guraso/tutore baten baimenarekin egiten ahalko da. Zalantzak argitzeko 629 20 61 28 telefono zenbakira deitu edo ekaitzsunbilla@gmail.com helbide elektronikora idatz daiteke.