Urtea akitzeko hainbat hitzordu solidario antolatu dituzte Donezteben

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 18a

Urteko azken egunean eginen dute San Silvestre lasterketa. Argazkian iazko proba irabazi zutenak ageri dira.

Eguberrien bueltako ohiko kirol hitzorduak solidarioak izanen dira aurten Donezteben. Erreka Guraso elkarteak, Erreka Kirol elkarteak eta udalak hainbat ekintza eginen ditu Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren alde dirua  biltzeko. 

Abenduaren 21ean 11:00etan bingo solidarioa eginen du guraso elkarteak eliza aitzinean 

Abenduaren 26an, ortziralean, Mikel Lizarralderen Zazpi dokumentalaren emanaldia izanen da Zineman, 19:00etan. Dokumentalean Euskal Herriko probintzia bakoitzeko mendi garaienak lotu ditu Mikel Lizarraldek, eta bidean esklerosi anizkoitzaren diagnostikoa izan eta bizitzea zer den kontatzen du. Emanaldia udalak eta Erreka kirol elkarteak antolatu dute eta sarrera debalde izanen da.

Urteko azken egunean San Silvestrea eginen dute. 18:00etan, 2014. urtean edo beranduago sortutakoek ibilbideari buelta bat emanen diote eta proba debaldekoa izanen da. Ondotik, helduek 3,5 kilometroko lasterketa eginen dute. Izena emateak bortz euroko prezioa du da eta kirol asegurua barne dago.

arte hartzaileek izen ematea egunean berean egin dezakete, baina ahal dela aldez aitzinetik egiteko eskatu dute.  Hemen aurkitu daiteke izena emateko bete beharreko galdetegia. Izen-ematearen zati bat Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren elkartearentzat izanen da. Garaileentzat sariak egonen dira, eta proba nagusian parte hartzen duten guztiek opari bat jasoko dute. Hainbat zozketa ere eginen dituzte.

Aitzineko hitzorduez gain, abenduaren 24an Saioa mendira eta 31n Mendaurrera irteerak antolatu ditu Errekak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun