Otxandorenak lortu du buruz buruko erremonte txapelketako finalerako txartela

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 15a

Otxandorena (gorriz) eta Mitxeo (urdinez), finalerdiaren atarian. Bortz Kirol txapelketako finalistak eta Doneztebeko alkatea ere atera ziren Palestinako genozidioa salatzen zuen pankartarekin.

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak eta E•Remonte Iruña enpresak antolatutako eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketa-Martiko Sari Nagusiko finala Otanok eta Eloy Otxandorena doneztebarrak jokatuko dute. Azken honek irabazi zuen bigarren finalerdia Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan David Mitxeoren kontra (30-25). Abenduaren 21ean jokatuko dute finala Agoitzen eta txapeldun berria izanen du eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketak.

Larunbatean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan jokatutako finalerdian Mitxeo menperatu zuen (30-25)

Partida ikusgarria jokatu zuten Otxandorenak eta Mitxeok. 23 tanto egin zituen aurrelariak eta 22 atzelariak. Hasiera berdindua izan zuten eta hirunako berdinketaren ondotik 3-5 aitzinetik ere izan zen Mitxeo, lehen eta azken aldiz. Izan ere, 7-0ko partzialarekin aitzinetik jarri zen Otxandorena (10-5) eta tanto bakarrera hurbildu bazen ere (10-9), ez zuen partida berdintzeko aukerarik izan Mitxeok. Sei tantoko aldea (19-13 eta 20-14), baita zortzikoa ere (23-15) izan zuen Otxandorenak. Baina Mitxeok ez zuen etsi eta hirura hurbildu zen (23-20 eta 24-21). Baina Otxandorenak ez zuen barkatu eta 28-21 aitzinetik joan ondotik, azkenean 30-25 irabazi zuen.

Jaialdiko lehen partidan, Koteto Ezkurra III.a doneztebarrak eta Agirrezabalak 30-18 irabazi zieten Osesi eta Baztani. Jaialdia hasteko, larunbat eguerdian jokatutako Bortz Kirol txapelketako finalistak, David Albiasu txapelduna eta Julen Iriarte txapeldunordea, Arantxa Arregi alkatearekin eta erremontistekin batera, Palestinako genozidioa salatzeko pankartarekin atera ziren kantxara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun