[GUTUNA] Beintzako Ostatuari eskertza

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 16a

Eskutitz honen bitartez esker ona agertu nahi die Arantxa Iturraldek orain arte Beintzako Ostatua kudeatu duen familiari. Izan ere, 35 urteko ibilbidearen ondotik eta «bizitzen ari garen egoeraren aurrean (jangelako lekuen murrizketa, jarduerak egiteko udal ordenantza murriztaileak...)», abenduaren 14an itxi ditu ateak Beintzako Ostatua - Orbela Aterpetxeak. 

Ez genuen inoiz eskertza gutun hau idatzi nahi izango ostatu bat baino gehiago den leku bati, agur esatea esan nahi baitu. Aterpe bat, elkargune bat eta etxeko zati txiki bat izan da herritar askorentzat.

Gure eskerrik beroena adierazi nahi diogu bertan sortutako familiari (Idoia, Mikel eta Beñat), Beintzako Ostatuko zerbitzuaren bidez eskaini duzuen urte guzti hauengandik. Jatekoak eta edatekoak ez ezik, herritarrentzat elkargune bat izan da, adiskidetasunari eta bizikidetzari irekitako ate bat. Gertutasuna, goxotasuna, elkarrizketak eta irribarre ezabaezinak ere eskaini dizkiguzue, oztopo eta zailtasun guzien gainetik.

Eskerrik asko zuen begikotasunagatik eta atea zeharkatu duen pertsona bakoitzarekiko izan duzuen errespetuagatik. Milaka pertsona izan dira ostatutik igaro direnak: ikastetxeko ikasle-irakasleak, udalekuak, mendizaleak, hainbat lekutatik etorritako familiak, kuadrillak, txirrindulariak… horietako haur eta heldu askok, zuei esker ezagutu dute lehen aldiz Beintza-Labaingo herria. Herri honen aurkezpen gutuna izan zarete eta lorratzak uzten duen berotasunez egin duzue. Eta nola ez, bertako haurrei eta herritarrei eskainitakoarengatik, benetako eskertza, otordu, ibilaldi eta hainbeste ekintza egiteko aukera paregabea izan dugulako.             

Badakigu, ez dela beti erraza izan. Batzuetan ez zaituztela merezi bezala ulertu, baina hemendik esan nahi dizuegu bihotzean eramango zaituztegula. Benetan ezagutzen zaituztegunok, esker onez beterik gaude zuen eskaintzagatik, zuen pazientziagatik eta herriaren bizitzaren parte izan zaretelako. Eskerrik asko zuen ahalegin, ardura eta izaeragatik. Zuek utzitako aztarna, ez du inork ezabatuko.

Zuen hurrengo urratsetan, hemendik aurrera, hoberena opa dizuegu. Ziur gaude, zaudeten tokian zaudetela, hemen utzi duzuen gizatasun arrasto bera utziko duzuela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun