[ARGAZKIAK] Ibarrola-Manterolatarrak omendu dituzte Doneztebeko Santa Luzia egunean

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 15a

Joan den urtean berreskuratu zuten Donezteben Santa Luzia egunean zilarrezko titareak emateko ohitura. Eta aurten ere halaxe egin dute larunbatean. Maite Ibarrolak eta bere aitak, 93 urteko Miguel Ibarrolak hartu zuten zilarrezko titare bana, azken honek bere emazte zen eta 2018ko urtarrilean hil zen Eulalia Manterola Carasatorreren izenean. Arantxa Arregi alkateak eman zizkien titareak eta, Nerea Zazpe eta Fernando Gallego zinegotziek lore sorta bana eman zieten. Argazkiak: Alicia del Castillo

108 urteren ondotik, abuztuan itxi zuten Casa Ibarrolako Maite Ibarrolarentzat eta bere ama zen Eulalia Manterolarentzat izan dira zilarrezko titareak

108 urteko historiaren ondotik, joan den abuztuan itxi zuten Casa Ibarrola denda, Maite Ibarrolak erretiroa hartu zuenean. Horregatik, emozioz hartu zuen zilarrezko titarea. «Negozioa ez zen nire amarekin hasi, baina bera beti hor egon zen, bera zen jostuna. Titarea beretzat da lehenik, gero familia osoarentzat eta Malerreka guziarentzat».

 

Santa Luzia egun berezia

Zilarrezko Titareak meza ondotik eman zituzten eta eliz atarian jende aunitz bildu zen aurten ere. Eskualdeko eskulangileen postuak, Zubietako taloak, Mendaur trikiti eskolako ikasleen musika doinuak eta batukada ere izan zituzten. San Miguel ikastetxeko guraso elkarteak, Endanearekin elkarlanean, bazko loreak ere saldu zituen. Ez du, beharbada, garai bateko jendetzarik erakartzen, baina giro polita izan zuten larunbatean Donezteben.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun