Etxebizitza

«Ur ihes baten susmoa badago, lehenbailehen hartu beharko genituzke neurriak»

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 6a

Xanti Belarra.

Xanti BELARRA TELLETXEA, Ur Aurreztu enpresaren arduraduna.

Ura baliabide preziatua dela jakinik, Ur Aurreztu enpresa sortu du Xanti Belarra Telletxea doneztebarrak: «ur ihesak bilatu eta soluzioak eskaintzen dizkiet udalei, partikularrei eta enpresei». Detektibe lanetik hurbil dago bere egitekoa: «pausoz pauso joan behar izaten dut ihesa non dagoen harrapatu arte».

«Ikaragarrizko ur galerak izaten dira herrietan eta azken urteetan nabaritu da badela uraren inguruan bertzelako kontzientzia bat»

Gehienbat udalentzat lan egiten du: «ikaragarrizko ur galerak izaten dira herrietan eta azken urteetan nabaritu da badela uraren inguruan bertzelako kontzientzia bat. Iturburuak geroz eta agortuagoak heldu zaizkigu, uda geroz eta luzeagoa da, eurite handiak egiten ditu kolpean, dena gainetik joaten delarik… eta ezin da ura alferrik galtzen utzi». Azterketa sakon bat egin eta emaitza udalaren esku uzten du: «plano batean markatzen dut kokapen zehatza eta ihes maila txikia, ertaina edo handia den zehaztu».

Ikerketa lan horretarako, «geofono-bibrofonoa dira gehien erabiltzen dudan gailua». Honen funtzionamendua azaldu du Belarrak: «Lurrean balbula batean jarri eta burrunba nabaritzen bada erran nahi du inguruan badela zerbait susmagarria. Arazoa zein eremutan egon daitekeen ikusi ondotik, zatika aztertu eta ihesa non dagoen harrapatzen saiatzen naiz geofonoarekin auskultazioak eginez». Ez dira horiek, ordea, eskura dituen baliabide eta adierazle bakarrak: «dardara neurtzeko aparailuak erabiltzea, kontadoreak, hidranteak eta ureztatze ahoak aztertzea… ihesa egon daitekeen eremua mugatzeko baliagarriak dira». Teknologia berriak ere lagungarri dira: «herriko hainbat tokitan balbulatan aurrelokalizatzaileak jarri eta ordenagailuko aplikazio batera informazioa bidaltzen didate. Soinu maila zein den ikusteko balio du eta kontsumorik ez dagoen orduetan seinale horrek, pista garrantzitsuak ematen ditu». 

Etxebizitza edo eraikinetan ere lan egiten du: «kamera termografikoak eta gas trazatzaileak erabiltzen ditugu horrelakoetan ur ihesak harrapatzeko». Argi dio: «ur ihes baten susmoa badago, lehenbailehen hartu behar dira neurriak, kalteak saihesteko». Horretarako, ihes baten adierazle izan daitezkeen alerta seinaleekin adi egotea ezinbertzekoa da: «iturrietan edo dutxetan presioa jaistea edo ur emaria murriztea; hezetasun seinaleak egotea pareta, sabai edo zoruetan; konkorrak, deformazioak edo pintura altxatzea paretetan…».

«Soinua da ur ihesak harrapatzeko dugun adierazlerik garrantzitsuena»

Punta-puntako teknologia erabilita ere, onartu du batzuetan zaila izaten dela ihesa non den topatzea: «soinua da ihesak harrapatzeko dugun adierazlerik garrantzitsuena. Erraten dute ur ihesen %90ak soinua ateratzen duela eta %10ak ez. Izan daiteke txorrota beherantz eta kobazulo bat eginda duela ihesak eta ez duela soinua transmititzen kanpoaldera. Horiek dira aurkitzeko zailenak». Bertze adibide bat ere eman du ihes txikietan: «etengabe erortzen ari den tanta bat. Horrek ez du soinurik ateratzen, gasa ere oso gutxi ateratzen da eta oso zaila izaten da. Kasu horietan pareta edo zorua hautsi behar da, bai edo bai».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun