Rallya larunbatean bazen ere, bezperan sumatu zen motor soinua Donezteben. Ortzirale arratsaldean egin zituzten autoen egiaztapenak eta aurkezpenak Beharzana frontoian. Goizaldean botatako elurraren ondorioz, errepidearen egoera ez zen hoberena lasterketako zenbaipuntutan eta, horregatik, bilera bat egin lehenbiziko eta bigarren zatiak baliogabetzea erabaki zuten. Biharamunerako elurra kentzeko bi makina lortu eta auzolanari esker dena prest izatea lortu omen zuten: «laguntzaile aunitz izan genituen eta horiei denei esker egin ahal izan genuen. Rallya bederatzietan hasi beharrean hamaiketan hasi zen».

Lasterketan, garaipena lortzeko lehia polita egon zen Aitor Saizar eta Paloma Mugika eta Iker Etxeberria eta Dabid Oskozen artean. Azkenean, Saizar eta Mugika izan ziren garaile. Garikoitz Lopezek eta Haizea Txoperena lesakarrak osatutako bikoteak lortu zuen hirugarren postua. SL atalean, berriz, Donezbeteko Gorka Iribarren izan zen irabazlea.
Iluntzean egin zuten sari banaketa eta gero afaria izan zuten 220 lagunek eta gaupasa. Antolakuntzatik eskerrak eman nahi izan dizkiete babesle eta boluntarioei emandako laguntzagatik: «Lan eta diru asko behar baita horrelako ekitaldiak antolatzeko».
