Eguna mendira joanez hasiko dute. Horretarako, 07:30ean paratu dute hitzordua autobus geltokian. Mendi itzulitik bueltan, 12:30ean, poteoa hasiko dute herriko ostatuetan eta 14:30ean mahaiaren bueltan elkartuko dira Casino elkartean. Bazkarira joan nahi dutenek gaur izanen dute azken eguna izena emateko Titi ostatuan.
Dokumentala arratsaldean
Arratsaldean izanen da eguneko ekitaldirik inportanteena: Aupa Pou. Bizitzari sokaz lotuta dokumentalaren emanaldia. Eneko eta Iker Pou alpinistak bertan izanen dira, eta izen bereko liburua erosteko aukera ere egonen da.
Alpinista eta eskalatzaile aski ezagunak dira Pou anaiak, eta gaur egun munduko alpinista talde onenetakoa osatzen dute. Mendizaletasunaren tradizioari leial segituta planetako txoko guztietan bide berriak ireki dituzte. Zazpi aldiz izendatu dituzte Urrezko Piolet sari entzutetsuetara, azkenekoz aurten bertan. Aupa Pou. Bizitzari sokaz lotuta dokumentalak alpinisten bizitza markatu duten pareta eta gailurretara eramaten ditu ikusleak.
Proiekzio euskaraz izanen da, baina sarrera denak agortu dira dagoeneko.