Zubietako VI. Piz&Lohi musika jaialdia indartsu dator asteburuan

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 26a

Leitzako Lenbailen taldeak joko du Zubietako Piz&Lohi jaialdiko seigarren edizioan.

Zubietako Piz&Lohi jaialdiaren seigarren edizioa azaroaren 28 eta 29rako antolatu dute herriko gazteek. Beti bezala, inguruko musika taldeei plazaratzeko aukera ematea da jaialdiaren helburua, baina aurtengoan estalpean jarriko den tabernan biltzen den dirua Aroztegiko auzipetuendako izanen da. Gainerakoan, ostiralean Bidenabar taldearen, Pottokaren eta DJ Axaloten musika aditzeko aukera izanen da eta taloak ere izanen dituzte gau osoan. 

Larunbatean kontzertuak

Ostiralean lehen musika doinuak adituko baldin badira ere, larunbata izanen da Piz&Lohi jaialdiaren egun handia. Ohi bezala, bazkaria plantatuko dute antolatzaile eta laguntzaileek estalpean eta bazkalondoan honako talde hauek joko dute: Noiz (Sara-Bera), Bisai (Doneztebe), Gaizkillers (Doneztebe), Lenbailen (Leitza) eta Matxarda (Gaztelu). Ondotik, Zubietako DJ Toxmina ariko da (Txomin Lotzaina). Berriz ere musikaz gozatzeko aukera izanen da, beraz, asteburuan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun