[GUTUNA] 50 urte Franco hil zela

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 20a

Gaurko egunez, duela 50 urte, hil zen Francisco Franco Espainiako diktadorea, eta horren harira, hausnarketa hauxe egin du Aritz Arrietak. 

50 urte pasatu dira Franco hil zenetik. Frankismoaren aparatu militarrak gogor erreprimitu zituen Euskal Herriaren askatasunaren eta, oro har, sozialismoaren aldeko borrokan jardun zuten militanteak. Franco ohean hil zen, baina Estatu aparatuaren esentzia bere horretan utziz eman zuen azken hatsa. Ministro, epaile zein militar frankistak, egun batetik bertzera, demokrata-liberal bihurtu ziren, eta trantsizioa deitu zaion aurpegi zuriketa martxan paratu zuten: zuzeneko diktadura militar batetik zeharkako diktadura politiko-ekonomiko baterako metamorfosia, kapitalisten interesak bermatu dituena.

Franco ohean hil zen bere oinordekoak agintean utziz. Baina hamaika izan dira frankismoan Euskal Herriaren askatasunaren eta sozialismoaren alde egin zutenen oinordekoak: 78ko erregimenaren jarraitutasunarekin hausteko borrokatu zutenak. Euskal herri langilearen aurkako ofentsiba ekonomiko eta politikoak bere horretan jardun zuen, eta gogor erreprimitu zituen espainiar Estatuak langile mugimenduan zein Euskal Herriaren askatasunaren alde borroka egin zuten militanteak. PP moduko alderdiez, frankismoaren ondorengo zuzenak direnez, espero zitekeena hutsaren hurrengoa zela badakigu. Baina gaur egun historiako gobernu progresistena deitu izan zaiona gidatzen duen PSOE berberak gidatu du euskal nazioaren askapen mugimenduaren aurkako ofentsiba bortitzena: GALen gerra zikina, kale mailan kontrol polizial itogarria, tortura sistematikoa edo EAJrekin batera diseinaturiko euskal preso politikoen sakabanaketa politika.

Gizarte kapitalistaren krisi historiko garaiotan, non kapitalisten irabazi tasa beherakorra eta Europako klase ertainaren pobretzea ezaugarri nagusiak diren, faxismoaren hainbat adierazpen hedatzen ari dira gure gizartean. Horren adibide dira falangistak Gasteizen Hispanitatearen Egunean poliziaren babesarekin agertu izana; Vito Quiles moduko faxistak unibertsitateetan inpunitate osoz diskurtso erreakzionarioa zabaltzen; gure eskualdean agertu ziren pintada eta propaganda naziak edo gero eta normalizatuagoak dauden diskurtso arrazista, xenofobo eta matxistak kale zein sare sozialetan. Mendebaldeko oligarkiak apustu nabarmena egin du joera faxisten alde.

Pasatako ziklo politikoko indar iraultzailea desagertua eta instituzioetan integratua dago, onartuz espainiar Estatuarentzat arriskurik suposatzen ez duela. Indar instituzional guztiekin batera, bitarteko demokratiko eta baketsuak proposatzen dituzte faxismoari aurre egiteko. Bada faxistak eta antifaxistak parekatzen dituenik, edo gizarte honetan adierazpen politiko orok espazio publikoa erabiltzeko eskubidea aldarrikatzen duenik. Baina denek faxismoari aurre egiteko faxismoaren kausa den hori proposatzen digute: sistema demokratiko-liberalaren porrota.

Indar iraultzailea likidatu zuten, baina bagara gazte belaunaldi berrietan espiritu apurtzailearen lekukotza hartu eta gizarte dekadente hau iraultzeko bide berriak irekitzeko egunero lanean gabiltzan militanteak. Gure gorputzak aurrean paratuz faxismoari aurre egiten diogunak.

Haustura bat gaurkoz bizirik delakoz, ezer ezta bukatu berriak bagatoz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun