Guttieneko pentsioa guttieneko soldatarekin parekatzeko eskatu dute berriz ere Baztan-Bidasoko pentsiodunek

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 19a

Astelehen eguerdian 23 lagun bildu ziren Donezteben.

Euren aldarriak karrikara ateratzeko asmoz, hilabeteroko hitzorduekin zuzen segitzen dute Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideek. Hilabeteko hirugarren astelehenetan biltzen dira, Lesakan, Elizondon, Beran edo Donezteben, txandaka, eta azarokoa Donezteben egin zuten astelehenean. 

23 lagun bildu ziren Doneztebeko biribilgunean egindako elkarretaratzean. Bertzeak bertze, Guttieneko pentsioa=guttieneko soldata leloa aldarrikatu zuten eta helburu hori lortzeko lanean segitzeko beharra azpimarratu zuten. Hala ere, Nafarroan «mugimendu nabarmenak» izan direla txalotu zuten: «2026ko aurrekontuaren harira, berriki onartu baita guttieneko pentsioa 1.100 eurotan kokatzea, hamalau ordainketetan». Gehitu zutenez, «ez da helburua lortu, baina bide onean dago pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapena». Kontrara, «EAEn gobernuan dauden alderdien erantzuna» salatu zuten, «legebiltzarrean gaiari buruz eztabaida galaraztea, demokraziaren kontrako erabakia da».

Bertzalde, osasun zaintzaz ere aritu ziren. Azaroaren 6an Elizondoko egindako mahai ingurua «txukuna» izan zela adieraztearekin batera, «Nafarroako osasun lege berriaren garrantzia» agerian utzi nahi izan zuten. «Nafarroako jendartea erne egotea komeni da, lege txukuna onartzea nahi badugu».

Palestina gogoan «gero eta elkartasun ekimen gehiago» egiten direla ere goraipatu zuten, eta «libre bizitzeko eskubidea errespetatzeko» eskatu zuten.

Gainerakoan, Jose Luis Cerezo eta Luciano Cariñena ere gogoan izan zituzten: «borrokalari nekaezinak, pentsiodunon zereginetan eta bertze arloetan konprometituak zirenak».

Hurrengo elkarretaratzea, abenduaren 15ean, Lesakan eginen dute, 12:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun