Jaun eta jabe izan zen ortziralean Nafarroako aizkolari txapelketako finalean eta Euskal Herriko emakumeen arpana txapelketan Ruth Linaza eta Garbiñe Lopez de Uralde gailendu ziren
Pronostikoak bete eta jaun eta jabe izan zen Iker Vicente ortziralean Donezteben jokatutako Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketako finalean. 33 minutu eta 58 segundo aski izan zituen lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko enborrak mozteko. Ia bortz minutuko aldea atera zion bigarren izan zen Arribeko Ibai Soroari (38.36). Arostegiko Oier Kañamaresek osatu zuen podiuma (41.40). Arostegiko Julen Kañamares laugarren izan zen (545.58) eta Arribeko Txomin Amundarain bosgarren (47.03). Donato Larretxearekin batera, Arantxa Arregi Doneztebeko alkatea eta Jon Telletxea, Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidentea izan zen sari banaketan.
Euskal Herriko emakumeen arpana txapelketan, Ruth Linaza eta Garbiñe Lopez de Uralde txapeldun
Nafarroako aizkolari txapelketako lehian ez zen emozio handirik izan, baina Euskal Herriko emakumeen arpana txapelketa ere jokatu zen Donezteben eta hemen hiru segundoko aldea bertzerik ez zen izan, lehen bi sailkatuen artean. Ultzamako Iraizoz ahizpek ez zuten parte hartzerik izan, Maria lesionatua dagoelako. Gauzak honela, Ruth Linaza eta Garbiñe Lopez de Uralde arabarrak suertatu ziren txapeldun. 9 minutu eta 15 segundo behar izan zituzten 45 ontzako enborrari 15 epai egiteko. Uxue Ansorregik eta Aurkene Arokak hiru segundo gehiago behar izan zituzten (9.18). Irune Biurrunek eta June Etxeberriak osatu zuten podiuma (11.13) eta Sara Jimenez eta Maite de Felipe laugarren izan ziren (12.48).