«Erremontean lehenbiziko mailan jokatzea gustatuko litzaidake»

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 15a

Markel LEATXE PORTILLO, Donamariako gaztea.

«Mutil alaia, irribarretsua, irekia eta mugitua naiz, eta gauza berriak ikastea gustatzen zait». Halaxe aurkeztu du bere burua Markel Leatxe Portillok (Donamaria, 2004). Erremontista profesionala da, baita «Donostian autoeskola batean irakaslea» ere. Eta gelditzen zaion denbora librea bere afizioetarako probesten du. 

Mendia eta pilota dira bere afizioetako bi. Konparazio batera, pilotan modalitate bat baino gehiagotan ibiltzen da: «esku pilotan, erraketan, laxoan eta erremontean. Pilota niretako zaletasuna da, disfrutatzeko eta lagunekin egoteko modua. Aldi berean, euskara bizirik mantentzen duen tresna dela uste dut». Baina mendiak ere erakartzen du: «Lagunekin eta zakurrarekin mendira joatea eta mendian bizikletan ibiltzea gustatzen zait». Hala ere, bereziki maite duena «mendian motoan ibiltzea» da. 

Haurra zela, futbolean ibili zen, nahiz eta «ez zitzaidan sobera gustatzen». Kontatu duenez, «etxean futbolerako afizio handia zegoelako apuntatu nintzen». Urte haiek «lagun aunitz» egiteko atea ireki zioten: «Entrenatzera eta partiduetara ongi pasatzeko joaten nintzen». Hamalau urterekin utzi zuen, «aspertuta». Eta baloiaren partez esku pilota hartu zuen. Ondotik, erremontera saltoa: «Lagun batzuek erremontea probatzeko erran zidaten, eta hola hasi nintzen». Julen San Miguel izan zen bere «lehenbiziko irakaslea» eta orduko «oroitzapen ona» du: «Eguna ailegatzeko gogoarekin egoten nintzen».

2023tik profesionaletan

Lagunen gonbitari erantzunez probatu zuen erremontea, eta hara non, 2023an profesionaletan debutatu zuen. Sorpresa izan omen zen: «Ordura arte ez nuen pentsatu profesionaletan debutatuko nuenik. Gustatzen zitzaidalako hasi nintzen erremontean, ez profesionaletan debutatzeko». 

Orain arte egin duen bidearekin «kontent» da. Eta jokoan, bere bi ezaugarri nabarmendu ditu: «Gauzak gaizki ateratzen zaizkidanean ez dut aisa etsitzen eta momentu erabakigarrietan badakit neure burua lasaitzen». Baina maila hobetzeko «aunitz» falta duelakoan dago: «Maila altuagoan jokatu ahal izateko fisikoa hobetu behar dut eta teknikan ere gauza aunitz ditu hobetu beharrak». Hala ere, badu lanerako ilusioa, eta lanean segitu nahi du: «Egunen batean lehenbiziko mailan jokatzea eta zapelen bat lortzea ditut helburu».

«Gure eskualdean, gazteen artean erremonterako afizio dezente badago ere, hemendik kanpo inguruko herrietan ez dute horrelako afiziorik»

Erremontearen egoeraz ere aritu da: «Gure eskualdean, gazteen artean afizio dezente badago ere, hemendik kanpo inguruko herrietan ez dute horrelako afiziorik. Gazte gehienak bertze kiroletan ibiltzen dira: futbolean, esku pilotan, eskubaloian...». Berak, ordea, garbi du. Erremontean batzuetan, eta laxoan bertzeetan. Lehian bietan ibiltzen da. Biak maite baititu: «Laxotik gehien gustatzen zaidana partiduetan herriko plazan sortzen den giroa da. Eta erremontetik gehien gustatzen zaidana, berriz, lehiakorrak garen arren, gure artean giro onean aritzen garela partidu eta entrenamendu bakoitzean». Gustuko tokian ez da maldarik. Eta bere kasuan, gaztea izanagatik, besta eta erremontea uztartzeko ez du arazorik: «Ez zait sobera kostatzen hurrengo egunean partidu bat dudalako besta alde batera uztea. Gainera, partidua jokatu ondotik besta egiten ahal dut». Gehiago ere bai. Asteburuetako bere gustuko plana ez dabil urruti: «Erremonte partidu bat jokatu, lagunekin motoan ibili, ostatuan afaldu eta arratsean besta». 

Gainerakoan, sorterria ez du saltzeko. Bertako «giroa eta jendea» goraipatu ditu: «Gazteen artean talde polita sortu dugu, herriko ostatuan giro ona izaten da eta bestetan eta inauterietan arrunt ongi pasatzen dugu». Etorkizunera begira, berriz, «Malerrekan» ikusten du bere burua, «familiaz eta lagunez inguratua, kirola eginez eta euskaraz solasean». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun