Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa jokatu zuten urriaren 11n Lekunberrin. Hamar aizkolari aritzekoak ziren, baina Zigako Joxean Etxeberriak, gaur egungo txapeldunordeak, medikuaren agiria aurkeztu eta ez zen aritu. Jon Rekondo leitzarrak ere, hamabi segundogatik, finalerako txartelik lortu ez zuenez, ez da eskualdeko aizkolaririk izanen azaroaren 14an, Doneztebeko feria egunean, 18:00etan hasita Ezkurra pilotalekuan jokatuko den finalean.
Pronostikoak betez, Iker Vicente izan zen onena Lekunberriko kanporaketan eta bere hamaikagarren txapela lortzeko ere faborito nagusia da. Joan den urtean Mikel Mindegiaren marka berdindu zuen eta, aurten, hobetzeko eta Nafarroako txapel gehien dituen aizkolaria izateko aukera bikaina dauka Otsagabikoak. Berekin batera, Ibai Soroa (Arribe), Oier Kañamares (Arostegi), Txomin Amondarain (Arribe) eta Julen Kañamares (Arostegi) ariko dira. Txapela lortzeko lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko dituzte aizkolariek.
Euskal Herriko emakumeen arpana txapelketa ere
Jaialdi berean, Euskal Herriko emakumezkoen arpana txapelketa ere erabakiko da, hemen ere eskualdeko kirolaririk gabe. Uxue Ansorregi-Aurkene Aroka, Irune Biurrun-June Etxeberria, Sara Jimenez de Aberasturi-Maite de Felipe, Ruth Linaza-Garbiñe Lopez de Uralde eta Ainhoa Iraizoz-Maria Iraizoz ariko dira eta 45 ontzako enborrari 15 epai egin beharko dizkiote.