«Eskertzekoa da ferietan bertako ekoizleek lekua izatea»

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 12a

Haizea BELARRA ENETERREAGA, Erlanki

Erleak ditu lanbide Haizea Belarra Eneterreagak. Erlanki izenpean aritzen da lanean eta erleek egindako hainbat produktu bildu, ontziratu eta saltzen ditu: eztia, propoleoa, polen hautsa…. Beran bizi den arren, izatez doneztebarra da eta herrian izanen da bere produktuak saltzen ferietan. 

2015etik ari da erleen bueltan lanean Belarra. «Hasieran erle gutti batzuekin hasi ginen eta poliki-poliki gustua hartzen joan eta geroz eta gehiago handitu da». Gaur egun bizimodua ateratzen du erlezaintzatik: «Donostian aritzen nintzen lanean sukaldaritza klaseak ematen, baina, lehen haurra izatean hura utzi eta Beran hasi nintzen. Bigarren haurra izatean, berriz, ordutegiekin ez nintzen ailegatzen, eta orduan erabaki genuen erle gehiago jartzea. Geroztik, aunitz aldatu da bere bizitza: «Lehen astelehenetik ortziralera aritzen nintzen lanean eta orain ordutegirik gabe aritzen naiz». Erleekin aritzeko apustua egin zuten, eta «gaur egun, oraindik honekin bakarrik bizitza duina izatea urruti dago. Bizitzen ahal gara, baina lan aunitz eginda», nabarmendu du. «Oraindik tamaina hartzen ari gara, egunero ikasiz eta hobetuz. Lan handia da, baina naturarekin bat egiten dugu». 

Erleak hainbat lekutan

Profesionalizazioak erle gehiago izatera eraman ditu, eta gaur egun bi eremu geografikotan izaten dituzte erleak: Nafarroa iparraldean eta Nafarroa hegoaldean. Urtean bitan biltzen dute eztia, udaberri hondarrean eta uda hondarrean eta bi kokapen geografiko izanda, lau ezti mota diferente izaten dituzte.

Ezti bakoitza, beraz, «diferentea» da: «Bortzirietako eta Malerrekako udaberriko eztia akaziarena eta fruta arbolena izaten da eta Tafallakoa erromeroarena, xarbotarena eta eskobizoarena ». Uda akabailan biltzen dute Nafarroako Iparraldeko eztia, eta udazkenean Nafarroa Hegoaldekoa, basokoa deitzen dutena: «Hemen ingurukoa sasiarena, gaztainondoarena eta ainarrarena izaten da eta Nafarroa Hegoaldekoa, Orbaibar aldeko mendietan egiten dena, artearena da. Baina diferentea da, ez baita lorearen nektarretik egiten». 
Eztia bakarrik ez, lore hautsa edo polena ere egiten dute eta baita kandela batzuk ere argizariarekin. «Jelea egin nahi dugu, baina, oraingoz behintzat, jaleo handi xamarra da», kontatu du irriz. Eguneroko lana izaten da erlezainarena, baina  udaberrian eta udan izaten dute lanerako sasoirik indartsuena,  nahiz eta horrek beti ez duen egutegiarekin bat egiten: «Iaz, adibidez, otsailerako loreak loratu ziren, erregina hasi zen arroltzeak jartzen, gero pixka bat gelditu zen… Egia erran nahiko zaila da data zehatzak ematea».Udazkenean eta neguan, berriz, «erritmo lasaiagoan» hurrengo kanpaina prestatzeko lanak eta mantentze lanak  egiten dituzte.

Erleekiko interesa gizartean

Bisitak ere egiten dituzte. Orain arte, Lurretik Ikasiz proiektuaren barrenean, haurrak izaten dituzte bisitan, baina heldu den urtetik aitzinera bisita horiek zabaltzeko asmotan dira. «Haurrak talde handian etortzen dira, eta ezin izaten gara erlategian sartu». Jendeak interesa baduela ikusita, «asmoa dugu buzo batzuk erosi, eta extrakzio gela egokitu eta bisitak etxaldean hartzeko». Neguan prestaketa horiek eginda, udaberri aldera hasi nahi dute.


Egindakoa saltzea izaten da eta bertze ekoizle aunitzek bezala, Erlankik ere salmenta guneetan izaten ditu bere produktuak, belar dendetan eta kontsumo elkarteetan batez ere. Salmenta zuzena ere egiten du, eta, noski, feriak eta azokak izaten dira saltzeko aukera zuzenenak: «Gure inguruko merkatuetan hagitz ongi saltzen dugu». Horietan hurrengoa Doneztebeko ferietakoa izanen dute.

Bertako produktuak ferietan

Doneztebarra izaki, ttikitatik ezagutzen ditu feriak Belarrak. Bizitzeko modua da aldatu zaiona: lehen feriara ikusle gisara joaten zen, eta orain postuarekin saltzaile izaten da. «Oroitzen naiz ttikitan  atatxirekin joaten nintzela azienda ikustera, eta traktoreak ikustera. Izugarri gustatzen zitzaizkidan traktoreak».  Gaur egun, berriz, ikustera baino, saltzera joaten da. «Doneztebeko feriak beti lotu izan ditugu pijamak, maindireak, aterkiak… eta horrelakoak erostearekin. Lehen kanpoko saltzaileak bakarrik izaten ziren, eta orain eskertzekoa da ferietan bertako ekoizleei ere lekua ematea». Urteen poderioz ere hori da aldatu dena bere hitzetan, «gaur egun bertako produktuak ere badutela bere lekua».

Salmenta puntu inportantea

Feriak, gainera, produktuak saltzeko salmenta puntu inportantea izaten dira Erlankirentzat. «Oraindik jendeak eztia eta antzeko produktuak katarroekin eta neguarekin lotzen ditu, eta hemengo feriak udazkenean izaten direnez, aunitz saltzen dugu», esplikatu du. 
Doneztebeko feriez aparte, Berako Lurraren Egunean ere paratu zuten postua. «Hemen inguruan izaten diren azoka gehienetara joaten gara, tartean hilabetero Lesakan egiten den lehen sektoreko azokan postua paratzen dugu».

Doneztebeko ferietara hurbiltzen denak, beraz, bertan izanen du Erlankiren postua aukeran. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun