«Ikasbidaiara joateko dirua biltzeko postua paratuko dugu ferietan»

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 12a

Mendaur institutuko laugarren mailako ikasleak.

Aunitz izaten dira feria egunean postua paratzen duten saltzaileak. Inguruko herrietakoak izaten dira batzuk, kanpotik etorritakoak bertzeak. Horien artean, azken urteetan bezala aurten ere, Doneztebeko Mendaur institutuko DBHko laugarren mailako ikasleek beren postua paratuko dute alde zaharrean

Argazkian ageri den ikasle taldea dagoeneko buru belarri murgildua dago feria eguneko antolaketa lanetan. Besta eguna izanen  dute eta liburuak etxean utzita, bertzelako lanetan aritzeko tartea hartu beharko dute azaroaren 14an.

Ikasturte honetan Saloura ikasbidaiara joanen dira Mendaur institutuko ikasleak.  Bidaia ordaintzeko, ordea, lana egiten ari dira aitzinetik: «Dirua aurrezten ari gara, eta ferietan aunitz saltzen denez, postua jartzea erabaki dugu», kontatu diote ikasleek TTIPI-TTAPAri. Eskolatik kanpo ikasleek beren kabuz antolatutako ekimena da, eta beraiek antolatu dute dena, bai postua, eta baita bertan salduko dituzten produktu denak ere. 

Denetariko eskaintza

Dirua biltzea da helburua, eta horretarako eskaintza zabala izanen dute ferietako postuan: «Egunean bertan guk egindako pintxoak, bizkotxoak... izanen ditugu eta tonbola ere paratuko dugu bertako dendetan lortutako produktuekin». Jatekoa bakarrik ez, bertzelako produktuak ere izanen dituzte eskuragarri: «Zozketarako txartelak salduko ditugu eta jertseak eta tote bag edo telazko poltsak ere prestatu ditugu saltzeko». Azken horiekin berezitasun bat ere izanen da: «Feria egunean postuan izanen ditugu ikusteko eta probatzeko, baina egunean bertan ez dira salgai egonen. Eskaerak apuntatuko ditugu». Eskaerak bildu ondotik, erosi eta aitzinerago banatuko dituzte erosleen artean.

Zozketari dagokionez, berriz, heldu den urteko urtarrilaren 3an izanen da eta saria biltzeko hamar eguneko epea izanen da. Sari ederrak izanen dira: Donamariako Bentan bi pertsonendako afaria, eta produktuz beteriko saski handi eta txiki bat. 

Talde lana oinarri   

Talde lanean ari dira postua antolatzen, eta egunean berean ere, taldean ariko dira dena prest eta txukun izateko: «Laugarren mailako ikasle denek hartuko dugu parte postuan, eta ordu bateko txandetan banatu gara sei edo zazpiko taldeetan».

Ikasbidaiara joateko diru bilketa ez dute feria egunera mugatu, bertze hainbat egunetan ere ariko baitira dirua biltzeko ekintzak egiten. Alde batetik, feria egunetik aparte salduko dituzte poltsak eta jertseak, eta bertzetik, «eskolako egun berezietan janari postua paratuko dugu patioan». Horrekin aski ez, eta «Doneztebetik Nafarroa Oinezera eta Herri Urratsera joateko autobusak antolatu ditugu».

Ferietako postuan, eskolan paratutakoan eta ikasbidaiarako produktuak salduz lortutako diru dena bideratuko dute ikasturte bukaerako bidaia ordaintzeko eta norberak sakelatik diru guttiago ordaintzeko.

Taldean lana eginez, auzolana oinarri, ikasketa ederra izanen da  postua paratzea. Orain, feria egunerako hainbertze mimoz eta gogoz  prestatutako dena saltzea bakarrik falta da.   

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun