Ortziralean eginen dituzte Doneztebeko feriak

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 12a

Goizean eta arratsaldean postuak paratuko dituzte herriko karriketan. Argazkia: Utzitakoa.

Udazken betean, azaroaren 14an, ortziralean, feria giroan murgilduko da Doneztebe. Herritarrentzat zein kanpokoentzat, agendan ongi gordetako eguna izaten da. Elizondoko feriei lekukoa hartuta, eginen dituzte Doneztebekoak, eta Lesakakoen txanda izanen da gero.  

Tradizioa sobera aldatu gabe, ohiko egitaraua izanen da aurtengo Doneztebeko feria egunean ere, nahiz eta aurten dermatosi nodular kutsakorra tarteko ezin izanen da aziendarik plazaratu. 

Aziendarik ez, baina lanerako tresnak eta makinak ikusteko aukera izanen da Bordatxoko aparkalekuan  goizean. Ikusteko bakarrik ez, erosteko aukera ere izanen da Donezteben. Goizean hasi eta ilunabarrera arte, salgaiak paratuko dituzte alde zaharrean herriko merkatariek, eskualdeko ekoizleek zein kanpotik joandako saltzaileek. Jatekoak erosteko aukera izanen da: gozokiak, eztia, ogia, taloa, gazta...  

Jatekoez aparte,  arropa, oinetakoak, galtzerdiak, aterkiak eta bertzelakoak ere izanen dira salgai. Bertze urte batez, Mendaur institutuko ikasleek ere beren postua paratuko dute eta baita Saharaztan elkarteak ere.

Herriko ostatua irekia

Bestarako gogoz daudenek, herriko ostatura joateko aukera izanen dute. Izan ere, bertze urte batez, Lapaitza Bertizaranako eta Malerrekako Gazte asanbladak Herrigunean ostatua irekiko du. Egun osorako egitarau zabala prestatu dute Lapaitzako kideek.

Egitarauari dagokionez, iazko egitarauaren antzera, goizean azoka izanen dute, eta kafea eta pintxoak dastatzeko aukera izanen da. Eguerdian bermut musikatua izanen da  eta 14:30ean bazkari autogestionatua eginen dute.

Bazkalondoan mahai inguruan elkartu ondotik, 19:00etan hasita, kontzertuak izanen dira. 3. Mundu Gerra, Matxarda eta Adur taldeak ariko dira eta besta borobiltzeko, DJ Muffinen txanda izanen da. Goizaldera arte luzatuko da besta. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun