Elkarteko materialen artean, «haurrendako eta helduendako kamisetak, erosketako poltsak, metxeroak eta boligrafoak» salduko dituztela jakinarazi du Saharaztanek. Baina aurten ez hori bakarrik. «Iturengo eskolan hiruhileko honetan gelditu behar izan duen Uafa eta bere eskolako lagunek prestaturiko txapak ere izanen dira». Elkarteko logoa duten txapak prestatu dituzte, eta koloreztapenaz eta muntatze lanez Iturengo eskolako ikasleak arduratu dira.
Saharaztanek oroitarazi du Udako oporrak bakean programaren helburuetako bat «errefuxiatuen kanpamenduetan sortu eta bizi diren neska-mutil sahararrei oinarrizko osasun arreta eta, behar denean, espezializatua bermatzea» dela. Eta kontatu duenez, «aurtengo udan Uafari gabezia bat diagnostikatu zioten eta medikuen esku hartze espezializatua behar izan du bere bizitza salbatu eta bizi kalitatea hobetzeko». Iturenen egon da errekuperatzen, eta hurrengo asteetan bueltatuko da Tindoufera. «Hutsunea utziko du bere harrera familian, herriko eskolan eta herriko bizimoduan».
Bidenabar, Saharaztanek «eskualdeko eragileek eta herritarrek erakusten duten eskuzabaltasuna eta prestutasuna» azpimarratu nahi izan du, eta aldi honetan, «bereziki Iturengo hezkuntza komunitateari» eskerrak eman nahi izan dizkio.