
Nafarroako bertze 20 herrik bezalaxe, Doneztebeko alde historikoak ere tratamendu berezia du dirulaguntzaren kopuruari eta laguntza eskaerak tramitatzerakoan segitu beharreko bideari dagokionez.
Horren ondorioz, bertze herrietan hartzen diren dirulaguntzekin konparatuz, Doneztebeko alde historikoan dauden bizitegiak zaharberritzeko laguntza handiagoak eskuratzen ahal dira Nafarroako Gobernuaren aldetik. Laguntzaren eskatzaileek duten errentaren arabera, familia bakarreko etxe baten edo pisu baten kasuan 26.000 euro arteko dirulaguntza eskuratzen ahal izanen dute, eta zaharberritu nahi den etxe hori alokairurako bizitegi bihurtu nahi duen promotoreen kasuan, 13.000 euro arteko laguntza bizitegiko.
Informazio sakonagoa eskuratzeko edota laguntza espedienteak tramitatzeko, interesatuak Nasuvinsara jo behar du. Hori bai, dirulaguntza hauetarako eskubidea izateko, nahitaezko baldintza da birgaituko den etxe hori ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzeko izatea, eta ez oporretan, asteburuetan eta noizbehinka erabiltzeko etxe gisa.