Baztan-Bidasoak, Aktibazio Planaren baitan, aurkeztu ditu lurraldearen garapen ekonomikoa bultzatzeko bere proiektu estrategikoak, lankidetza publiko-pribatuaren eta lan bateratuaren bidez
Ekimen hauek lurraldearen lehiakortasuna, berrikuntza, belaunaldi erreleboa eta garapen ekonomiko jasangarria bultzatzea dute helburu, S4 Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin lerrokatuta eta Industria, Trantsizio Ekologiko eta Digitalaren Departamentuaren babesarekin. «Elkarlana da Baztan-Bidasoaren etorkizunerako giltza», azpimarratu dute aurkezpenean.
Aurkezpen ekitaldia Doneztebeko Galbaraialde eraikinean egin dute, eta bertan egon dira Iñigo Arruti, Nafarroako Gobernuko Enpresa Sustapeneko eta Azpiegituretako zuzendari nagusia; Ibon Mimentza, Cederna Garalur elkarteko zuzendari kudeatzailea; Natalia Rekarte, Baztan-Bidasoko Behatoki Sozioekonomikoko ordezkaria; eta Marian Cestau, eskualdeko Aktibazio Planeko teknikari arduraduna. Hauek babesa emanez, eskualdeko hainbat alkate eta zinegotzi izan dira ekitaldian.
Helburu partekatu baten aldeko urratsa
Hasierako hitzaldian, Ibon Mimentzak azpimarratu du Aktibazio Plana dela «eskualde estrategia partekatu bat eraikitzeko urrats sendoa», eta gogorarazi du azken urteetan egindako lan ildoaren jarraipena dela, hala nola Enplegu Mahai Komarkala bezalako proiektuen sorrera eta martxan jartzea, baita turismo, agroelikadura eta zerbitzuen sektoreetan garatutako ekimenak ere, Nafar Lansarea–Enplegu Zerbitzuarekin lankidetza estuan. «Etorkizunera begira, ikuspegi bateratu batekin ari gara lanean, administrazioen, enpresen eta herritarren arteko lankidetzaren alde eginez. Nafarroako mendialdeak, eta bereziki eskualde honek, talentua, ideiak eta gaitasuna ditu. Plan honek aukera ematen digu hori guztia norabide berean bideratzeko, garapen orekatu eta iraunkor baten alde», adierazi du Mimentzak.
Natalia Rekarte Donamariako alkateak, Behatoki Sozioekonomikoaren izenean, udalerrien eta tokiko eragileen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du: «Aspalditik ari gara eskualde bakar gisa funtzionatzen. Herri handiak eta txikiak batera goaz; prozesu honetan, txikiek ere handi egiten gara, eta denok aurkitzen dugu gure lekua, Baztan-Bidasoa modu kolektiboan eraikiz». Rekartek azpimarratu du enpresarien elkarteen rola, Don Miguel de Múzquiz Enpresa Kluba bezalako sare berrien sorrera eta «sektore publikoaren eta pribatuaren arteko konfiantza sarea sendotzearen garrantzia garapen ekonomikoaren oinarri gisa».
Eskualdearen eraldaketarako bi proiektu nagusi
Marian Cestauk, Planeko teknikariak, azaldu ditu hurrengo urteetan eskualdearen jarduera gidatuko duten bi proiektu estrategiko nagusiak, guztira 285.000 eurotik gorako aurrekontuarekin.
Alde batetik, Industria Sustatzeko, Dinamizatzeko, Digitalizatzeko eta Zirkulartasuna Bultzatzeko Proiektua, 133.579 euroko aurrekontuarekin, proiektu honek eskualdeko industria ehunera hurbildu nahi du, haren indarguneak, ahuleziak eta beharrak ezagututa, Baztan-Bidasoa bihurtzeko lurralde lehiakor, erakargarri eta kalitatezko enplegua sortzeko gai. Testuinguru honetan, funtsezkoa da Baztan-Bidasoko enpresarien elkarte berriarekin dagoen lankidetza, gaur egun 60 kide baino gehiago biltzen baititu.
Bertzetik, Ondorengotza, Prestakuntza eta Enpleguaren Proiektu Integrala, 151.713 euroko aurrekontuarekin, bigarren proiektu honek lurraldearen erronka nagusietako bati heltzen dio: enpresarien zahartzea eta belaunaldi erreleboaren falta. «Proiektu honekin gure enpresak babestu, talentua atxiki, ekintzailetza bultzatu eta eskualdeko ekosistema produktiboa indartu nahi ditugu, belaunaldi berriei benetako aukera profesionalak eskainiz. Enpresa jarraipena eta kalitatezko tokiko enplegua uztartzen ditugu, gure lurraldean sustraituta», azaldu du Cestauk.
Ekintza guztiak garatzeko, eskualdeko bortz gazte kontratatzea aurreikusi dute aldi baterako. Bi proiektu hauek Baztan-Bidasoa etorkizuneko garapen ekonomiko eta sozialerako estrategiak eraikitzeko posizio ezin hobean kokatzen dute.
Nafarroako Gobernuaren babesa: lurraldearekiko apustu sendoa
Iñigo Arrutik, Enpresa Sustapeneko eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak, azpimarratu du Nafarroako Gobernuaren konpromisoa eskualdeekin eta benetako eraldaketa ekonomikoa bultzatzen duten proiektuekin: «Departamentuak ekimen hauek babesten ditu, gure politika industrialaren funtsa ordezkatzen dutelako: jasangarritasuna, digitalizazioa eta lurralde kohesioa. Baztan-Bidasoa adibide argia da nola estrategia lokala eta S4 uztartu daitezkeen emaitza errealei esker», azaldu du Arrutik. Zuzendariak nabarmendu du bi proiektuak Invest in Navarra eta Navarra Zirkular programen barruan kokatzen direla, eta horiek ETEentzako inbertsio, laguntza eta tresna teknologikoak eskaintzen dituztela. «Gure helburua da enpresa bideragarririk ez ixtea ondorengotzarik faltagatik, eta ETE bakar bat ere ez geratzea atzean trantsizio digital eta berdean. Nafarroak lurralde bizi eta kohesionatuak behar ditu, eta Baztan-Bidasoak apustu hori egiten du», gaineratu du.
Etorkizunarekiko konpromiso partekatua
Eskualdeko Aktibazio Plana izanen da kohesiorako eta aurrerabiderako tresna, erakundeen, enpresen eta herritarren arteko aliantzak bultzatuz, etorkizuneko lan eta bizi aukerak bermatzeko Baztan-Bidasoan. Nafarroako erakundeen, tokiko eta eskualdeko erakundeen, enpresen eta herritarren arteko lankidetza funtsezkoa da eta izanen da etorkizunean ere, zerbitzuak mantentzeko, biztanleria galera geldiarazteko, belaunaldi erreleboa babesteko eta landa inguruneari eta, zehatzago, Baztan-Bidasoari etorkizun duina bermatzeko.