Pou anaiak Doneztebeko Mendiaren Eguneko protagonistak

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 4a

Eneko eta Iker Pou alpinistek 'Aupa Pou. Bizitzari sokaz lotuta' dokumentala eta liburua aurkeztuko dituzte. Argazkia: Geuria.

Erreka Kirol elkarteak azaroaren 30erako antolatu du Mendiaren Eguna. Goizean mendi irteera, poteoa eta bazkaria eginen dituzte eta arratsaldean 'Aupa Pou. Bizitzari sokaz lotuta' dokumentalaren emanaldia izanen da. 

Bertze urte batez Mendiaren Eguna antolatu du Erreka kirol elkarteak. Azaroaren 30ean eginen dute eta egun osoko egitaraua antolatu du Errekak.

Eguna mendira joanez hasiko dute. Horretarako, 07:30ean paratu dute hitzordua autobus geltokian. Mendi itzulitik bueltan, 12:30ean poteoa eginen dute herriko ostatuetan eta 14:30ean mahaiaren bueltan elkartuko dira Casino elkartean. Bazkarira joan nahi dutenek azaroaren 27ra arteko epea dute izena emateko Titi ostatuan.  

Dokumentala arratsaldean

Arratsaldean izanen da eguneko ekitaldi inportanteena: Aupa Pou. Bizitzari sokaz lotuta dokumentalaren emanaldia. Eneko eta Iker Pou alpinistak bertan izanen dira, eta izen bereko liburua erosteko aukera ere izanen da. 

Alpinista eta eskalatzaile aski ezagunak dira Pou anaiak, eta egun munduko alpinista talde onenetakoa osatzen dute. Mendizaletasunaren tradizioari leial segituta platetako txoko guztietan bide berriak ireki dituzte. Zazpi aldiz izendatu dituzte Urrezko Piolet sari entzutetsuetara, azkenekoz aurten bertan. Aupa Pou. Bizitzari sokaz lotuta dokumentalak alpinisten bizitza markatu duten hormetara eta gailurretara eramaten ditu ikusleak.

Proiekzio euskaraz izanen da eta sarrera aitzinetik erosten ahal da zazpi euroren truke Anoi papertegian eta Titi ostatuan, eta baita egunean berean Zineman ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun