«Ttikitatik hagitz alaia eta saltseroa» izan dela dio Uxuri Etxegia Etxebestek (Sunbilla, 2000), eta ttikitatik erakarri du interpretazioaren munduak: «Ispiluaren aitzinean orduak pasatzen nituen sekulako monologoak eginez, eta familiaren aitzinean, dantzan eta pertsonaiak antzezten aritzen nintzen». Aski gazterik izan zuen pasio horri segida emateko aukera: sei urte bertzerik ez zituenean antzerkian hasi zen, eta ametsa egia bilakatzeko ilusioarekin, 17 urterekin etxetik atera zen. Urteotan Iruñean, Ingalaterran eta Madrilen ibili da, ikasten eta lanean, beti ere interpretazioaren bueltan, eta berriki, 24 urterekin, etxera bueltatu da. Mundu horretan segitzen du, «aktore eta sortzaile».
Zer afizio dituzu?
Mendira joatea gustatzen zait, pole dance egitea eta boxeoan aritzea ere bai. Bertsolaritza maite dut eta trikitixa jotzea eta kantatzea ere gustatzen zait, baita amatxirekin musean eta txintxonean aritzea ere.
Abilidade zerrenda luzea duzu curriculumean: butoh dantza, dantza garaikidea, clown, boxeoa, moto-krosa, musika inprobisazioa, kantua…
Bakoitzak zerbait diferentea ematen dit. Dantza betitik gustatu zait eta neure buruarekin konektatzen laguntzen dit. Musikan, kantak inprobisatuz aunitz disfrutatzen dut, rapak eta bertsolaritzak erran nahi dudana adierazten laguntzen didate; clownari dagokionez, bufoi lanak egin eta pertsonaiak sortzen aritzen naiz; moto-krosa attaren aldetik heldu zait. Gustatzen zait ikustea, baina praktikan eskas xamar...
Haurtzaroko zer oroitzapen dituzu?
Ttikitatik hagitz alaia eta saltseroa izan naiz. Orduko oroitzapen aunitz ditut: lehengusinarekin eskolatik eskapo joan nintzenekoa, amatxi Ixabelen takoiekin eta ezpainetako pinturarekin jostetan, anaiarekin esku pilotan etxeko paretan, Aitanarekin Monster Highs panpinekin...
«Ispiluaren aitzinean orduak pasatzen nituen sekulako monologoak eginez»
Noiztik duzu interpretatzeko afizioa?
Ttikitatik izan dut. Ispiluaren aitzinean orduak pasatzen nituen sekulako monologoak eginez, eta familiaren aitzinean dantzan eta pertsonaiak antzezten aritzen nintzen.
Herrian hasi zien antzerkian...
Bai. Amak eta bere lagunek antzerki irakasle bat Sunbillara ekartzea lortu zuten, eta sei urterekin antzerkian hasi nintzen. Orduko oroitzapen onak ditut: amarekin, anaiarekin eta lagunekin joaten nintzen. Oraindik baditut garai hartako bideoak eta beti pertsonaia dibertigarriak antzezten nituen.
Sunbillatik Iruñera joan zinen Arte Eszenikoak ikastera. Kontatu...
Herritik atera nintzen lehenbiziko aldia izan zen. Hasiera ez zen erraza izan, gazteleraz solastatzea kostatzen zitzaidalako. Baina ikasteko gogoak aitzinera segitzeko indarra eman zidan. Bertzelako errealitateak ezagutzeko aukera izan nuen: feminismoa, LGTBIQ+ komunitatea, bertze mugimenduak... Hurbileko lagunak egin nituen, oraindik mantentzen ditudanak.
Iruñean, Arte Eszenikoen, Musikaren eta Dantzaren II. Olinpiadan saritua izan zinen...
Bai, zerbait sortzea proposatu ziguten eta nik monologo bat eskribitu eta antzeztu nuen. Nik ekoiztutako zerbait aurkeztu nuen lehenbiziko aldia izan zen eta aberasgarria izan zen.
Handik Ingalaterrara...
Hiru urte pasatu nituen Ingalaterran, aktore izateko ikasten. Eskola horietan sartzeko probak gainditu behar izan nituen. Diziplina eta profesionaltasuna aunitz garatu nituen. Han antzerkiari garrantzi handiagoa ematen diote, industriak han indar gehiago du.
Ateak irekitzeko nahitaezkoa da kanpora joatea?
Aktore izateko formazio profesionala hartu nahi duenak baditu tokiak Euskal Herrian bertan, hemendik hurbilena Iruñean. Egia da kanpora ateratzea hagitz aberasgarria dela bizitza profesionalerako zein pertsonalerako, eta kontziente naiz pribilegiatua naizela kanpora bizitzera joateko aukera izan dudalako.
«Denok uste dugu Madrilen aktoreendako aukera gehiago daudela. Ikasteko bada klase aunitzetako eskaintza, baina lanerako ez da uste bezain erraza»
Ingalaterratik Madrilera...
Denok uste dugu Madrilen aktoreendako aukera gehiago daudela. Ikasteko bada klase aunitzetako eskaintza, baina lanerako ez da uste bezain erraza. Lan honen prekarietatea argi ikusten da eta han bizi ahal izateko bertzelako lanak egin behar izan ditut, arte eszenikoekin zerikusirik ez zutenak. Hala ere, lortu dut aktore lanean aritzea eta ikasten segitzea. Antzerki irakaslea izan nintzen ingelesez, kabaret bat sortzen aritu nintzen, butoh dantza praktikatzen ere aritu nintzen, castingak egin nituen...
Noiz bueltatu zara etxera?
Orain dela gutti. 17 urterekin atera nintzen eta 24 urterekin bueltatzea erabaki dut. Herriko lagunak elkarrekin bizitzen jartzen hasi dira, herrian gauza berriak sortzen ari dira eta nik ere horren parte izan nahi dut. Gainera, antzerkia herrira ekartzea interesgarria iruditzen zait.
Antzerki irakasle hasi zara Sunbillan eta Donezteben. Zer moduz?
Hagitz kontent nago. Haurrek kristoren energia eta bizitzeko gogoa ematen didate, eta helduak ere hagitz kontent eta indartsu hasi dira. Antzerkia egiteko gogoa sumatzen zaie eta horrek gehiago motibatzen nau.
Eta aktore, zer lanetan ibili zara?
Denetarik egin dut. Ingelesez antzerki irakaslea izan nintzen hiru urtez enpresa batean, Valentzian Forum Theatre and Education haurrendako antzerkiak egiten ibili nintzen, telesail amerikar batean sei hilabete pasatu nituen borroka eszenikoa egiten, konpainia batean perfomance batean parte hartu nuen, eta hainbat antzerki konpainiatan lan egin dut. Baditut nire sorkuntzak ere: Butesque kabareta, Feminancy film laburra, Mi ex es un pringau, Drag king Rodolfo eta Bisbal... Feminancy film laburra, adibidez, zinema jaialdi aunitzetan hautatu zuten: FANT Bilboko Zinema Fantastikoaren jaialdian, Tarazonako eta Moncayoko komedia festibalean, B-Retina festibalean bigarren saria lortu nuen... Esperientzia polita izan zen.
Zer duzu nahiago: gidoia eskribitu, zuzendu edo interpretatu?
Denetan disfrutatzen dut, baina batez ere ideiak pentsatzen eta irudikatzen. Hagitz bisuala naiz eta irudiak erraz ikusten ditut buruan. Kontua da laguntza behar izaten dudala aukeratzen, gauza bera kontatzeko bi ideia izan ohi ditudalako.
Zer proiektu dituzu esku artean?
Feminancy telesaila sortzen ari naiz. Gidoia eskribitzen hasia naiz eta dirulaguntzak lortzeko prozesuan nago. Bertzalde, urriaren 24an Iruñean Contronatura antzezlana estreinatu nuen lagun batekin Arte Gaztearen Topaketan.
«Euskarazko interpretazioaren munduan pixkanaka gauza berriak sortzen ari dira, hobetzeko bidean da, baina oraindik aunitz falta da»
Zuretako euskara garrantzitsua da interpretazioan?
Bai, hagitz garrantzitsua da proiektuak euskaraz sortzea, nire ama hizkuntza delako. Feminancy euskaraz eskribitzen ari naiz eta aunitz disfrutatzen dut euskaraz umorea eskribitzen, hagitz gurea delako. Zineman ere proiektu gehiago behar dira euskaraz. Euskarazko interpretazioaren munduan pixkanaka gauza berriak sortzen ari dira, hobetzeko bidean da, baina oraindik aunitz falta da.
Lanbide zaila da?
Bai, lanbide zaila da, eta buruak osasuntsu egon behar du, beti ez delako erraza. Aunitzetan ailegatu naiz pelikula bateko azken probara, eta azkeneko momentuan, ez naute hautatu. Momentu onean bazaude, aise onartuko duzu, baina ahul bazaude, eragiten du. Prekarioa da, batez ere ez bazara proiektu handietan etengabe lanean ari den aktore bat, eta aktore gehienendako hori ez da egunerokoa. Hala ere, lanbide honek gauza aunitz ematen dizkit, eta ez nuke aldatuko. Batzuetan, hori bai, lanbide lasaiago batekin amestu izan dut.
Zer eskatuko zenuke egoera hobetzeko?
Kontratuak, soldata duinak eta lan baldintza argiagoak izatea lagungarria litzateke. Eta batez ere, kulturaren sektorean gure lana gehiago baloratzea eta ikusaraztea. Aunitzetan ikusten da maite dugula gure lana, baina horrek ez du erran nahi baldintza prekarioetan segitu nahi dugunik.
Etorkizunera begira, zer helburu dituzu?
Aktore lanean hobetzen segitu nahi dut, eta zineman lan gehiago egitea gustatuko litzaidake. Nire proiektuak sortzen ere pila bat gozatzen dut eta horrekin ere segitu nahi dut.
LABUR-LABUR
|

