Otxandorena eta Mitxeo doneztebarrak aurrez aurre izanen dira binakako erremonte profesionaleko finalean

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 30a

Zeberio II.a eta David Mitxeo doneztebarra, Eloy Otxandorena doneztebarraren eta Otanoren kontra ariko dira Luzeideko finalean.

Euskal jai Erremonte Fundazioak eta E•remonte Iruña enpresak antolatutako binakako erremonte profesionaleko txapelketa Reino Gourmet Sari Nagusiko finala azaroaren 1ean jokatuko dute Luzaideko Fernando Arretxe pilotalekuan. Zeberio II.ak eta David Mitxeo doneztebarrak, Eloy Otxandorena doneztebarra eta Otano izanen dituzte arerio. Beraz, txapel bat Doneztebera etorriko da.

Azaroaren 1ean, larunbat arratsaldean ariko dira Luzaiden, aurrelaria Otanorekin eta atzelaria Zeberio II.arekin

Larunbatean 18:00etan hasiko den jaialdia Luzaideko Argioala Emakume Elkartearen aldekoa izanen da. Lehen partida ere maila handikoa izanen da, Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabala, Matxin III.aren eta Ionen kontra ariko baitira.

Final nagusian, berriz, 51 urterekin bigarren gaztaroa bizitzen ari den Patxi Zeberio elduaindarra eta David Mitxeo doneztebarra, Eloy Otxandorena doneztebarraren eta Otano agoiztarraren kontra ariko dira. Azken hauek, bikote eginez, Udaberriko eta Nafarroako torneoak irabazi dituzte aurten eta beharbada faboritoxeagoak dira. Baina, Zeberio II.aren beteranotasuna eta jakinduria eta 20 urte bertzerik ez dituen David Mitxeoren ahala eta teknika ere kontuan hartzekoak izanen dira.

Partiden aitzinetik, Luzaideko bolanteen emanaldia ere izanen dute ikusgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun