Sunbillako Ulibeltzak elkartearen eguneko bazkarirako txartelak urriaren 26an izanen dira salgai

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 24a

Giro ederra izanen dute aurten ere Ulibeltzak elkartearen egunean. Bazkarirako txartelak igande arratsaldean izanen dira salgai.

Azaroaren 8an eginen dute ospakizuna baina igande honetan, 19:00etatik 19:30era eskura daitezke txartelak elkartean, 45 euroren truke.

Sunbillako Ulibeltzak elkarteak urtero bezala, besta ederra antolatu du, oraingoan azaroaren 8rako. Egun horretako bazkarirako txartelak, halere, igande honetan, urriak 26, 19:00etatik 19:30era salgai izanen dira Ulibeltzak elkartean, 45 euroren truke.

Egitaraua

Egun handia azaroaren 8a izanen bada ere, mus txapelketa bezperan jokatuko dute, azaroaren 7an, ortziralean 21:30ean hasita. Bikoteko bat bazkide izan behar du.

Biharamunean, larunbatean 09:00etan, bi kuadrillen arteko apustua eginen dute. Oteixonera eta Mendaurrera goiti eta beheiti eginen dute launa lagunek. Eguerdi partean, trikipoteoa izanen dute Ainhoaren eta Janireren eskutik.

Bazkarirako txartelak igande arratsaldean salgai

14:00etan bazkari ederra dastatzeko aukera izanen dute, menu bereziarekin: magra, bieira entsalada eta langostinoak, zamburiñak, zainzuri brika onddo saltsarekin, bakailaoa piperradarekin, azpizuna, torradak, kafea, edaria, txanpaina eta kopa. Txartelak 45 eurotan salgai paratu dituzte eta txartelak saltzeko eguna urriaren 26a, igandea, izanen da, Ulibeltzak elkartean 19:00etatik 19:30era. Eguna ezin hobeki akitzeko, 17:00etatik 22:00etara Modestoren eskutik musika izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun