Eratsunen sortua da, gaur egun ere sorterria du bizileku eta herrian pasatutako haur denborako oroitzapen politak gordeak ditu bihotzean: «Herri guzian barna bizikletarekin ibiltzen ginen, bizikletak kotxeak balira bezala. Eta udako gauetan ezkutaketan jostetan aritzen ginen, deus ikusi gabe».
Azken ikaslea
Eskolako aurreneko etapak ere herrian bertan egiteko aukera izan zuen Mindegiak. 2011/2012 ikasturtean itxi zuten Eratsungo eskola, eta bera izan zen Haur eta Lehen Hezkuntzak osorik herrian egin zituen azken ikaslea. Ikasle gutxi zirelako itxi zuen Nafarroako Gobernuak Eratsungo eskola, nahiz eta gerora gehiago izanen zirela eta salbuespena egiteko eskatu zioten herritarrek. Kontatu duenez, «nire azken ikasturtean lau ikasle bakarrik izan ginen, eta urte bat lehenagotik bost».
«Eratsungo eskola utzi eta Doneztebeko institutura joatea aldaketa handia izan zen»
Gustura joaten omen zen eskolara: «Gauza asko jokoen bitartez erakusten zizkiguten eta niretako bertan ikastea etengabeko joko bat zen». Aitortu duenez, Eratsungo eskola utzi eta Doneztebeko institutura joatea «aldaketa handia» izan zen beretako: «Oso lotsatia naiz eta Donezteben leku bat egitea asko kosta zitzaidan».
Doneztebekoa akituta, Elizondoko Lanbide Eskolako bidea hartu zuen; «Erdi Mailako Administrazio ikasketak egitera joan nintzen, eta ondotik, Iruñeko Hezitzaile Eskolan Gizarte Integrazioa ikasi nuen, Goi Mailako Zikloa».
Gaur-gaurkoz, lanik gabe dagoela aitortu du, «lan bila ari naiz». Eta gainerakoan, astegunez «nahiko lasai» ibiltzen omen da: «Lagunekin egon, batzuetan baserrian lagundu...». Asteburuak, berriz, «batzuetan lasai» eta «beste batzuetan pesta eginez» pasatzen ditu. Hori bai, asteburuen seinalea egiteko «beharrezkoa» iruditzen zaio «kuadrillarekin gelditzea, asteguneko martxa eguneratzeko».
Herriaren etorkizuna
Eskola itxi zutenetik, herrian mugimendu gutxiago sumatzen duela aipatu du: «Lehen haurrak egun osoan ikusten ziren, eta orain, arratsaldetan bakarrik egoten dira». Asteburuetan, ordea, «haur asko» biltzen direla esplikatu du. Gazteei dagokienez, «gehienak herritik kanpo joan dira beraien bizia egitera, baina hala ere, badira Eratsunen gelditu nahi dutenak ere eta horrek itxaropena ematen dio herriari». Alde horretatik, «etorkizun ona» ikusten dio Eratsuni. Horrekin batera, «herri ttikia denez, denok elkar ezagutzea berezia» iruditzen zaiola gaineratu du.
«Herri ttikia denez, denok elkar ezagutzea berezia da»
Inauteak, pestak, Kuadrillen Eguna, Iruñarri Eguna... Urte osoan, pestarako aitzakia ederra izaten dute eratsundarrek. Hala ere, horien artean Mindegiak baditu batzuk besteak baino kuttunagoak: «Pestak eta Kuadrillen Eguna ditut gustukoenak, herriko jende asko juntatzen delako eta denon artean talde polita egiten dugulako».
Eta herriko tokirik gustukoena zein ote duen galdetuta, bi aipatu ditu, etxe barrenean bat eta kanpoan bestea: «Nire logelako leihoa eta Eratsungo antena». Akaso lerro hauek logelako leihotik begira leituko ditu, edo antenara igota. Hori ezin aurreratu. Kontatu diguna, hori bai, bere ametsa zein den izan da: «Lasai bizitzea, gaur egun zaila baita».