'Sei hilabete, sei erronka' proiektua aurkeztu dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 20a

Ortziralean aurkeztu zuten Doneztebeko liburutegian 'Sei hilabete, sei erronka' proiektua. Hilabetero-hilabetero erronka bat planteatuko du liburutegiak literatura, jokoak, sormena... oinarri hartuta, eta erronka horiek bete beharko dituzte gaztetxoek. 

Erronka horiek espresuki landuko dituzte liburutegian eta honakoak izanen dira hilabete bakoitzerako aukeratutako gaiak. Azaroan udazkena landuko dute, abenduan Eguberriak, ilbeltzean inauteriak, otsailean emakumeak eta zientzia, martxoan udaberria eta apirilean akituko da liburuaren eguna gaia hartuta. Erronka bukatzeko ginkana bat eginen dute eta diplomak ere banatuko dituzte. 

Erronka horiek denak zazpi eta hamabi urte bitarteko gaztetxoei zuzendurikoak dira eta literatura, sormena, istorio kateak, kontaketak, bertsoak, musika... landuko dituzte. Gainera, jokoek ere garrantzia berezia izanen dute eta hilabetero joko bat landuko dute: Unanimo, Viruz, Catan... 

Doneztebeko liburutegiak antolatu du erronka, eta 12 urteko gazte talde bat ari da proiektua garatzen, eta beraiek izan dira aurkezpena landu eta egin dutenak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun