Doneztebeko institutuko ikasleak Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldietan izan dira

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 17a

Jone Agirre (Narbarte), June Juanena (Doneztebe), Maddi Migeltorena (Donamaria), Malen Eraso (Doneztebe), Ainara Ordoñez (Narbarte) eta Izadi Erasun (Doneztebe) Xare jardunaldietan. Argazkia: Igone Mariezkurrena.

Euskarazko kultura digitala sustatzeko helburuarekin, Xare jardunaldiak egin dituzte aste honetan Bigarren Hezkuntzako ikasleekin. Hantxe ibili dira Doneztebeko Mendaur institutuko 60 bat ikasle. 

Doneztebeko Mendaur institututik joandako 60 bat laguneko ikasle taldean izan dira argazkian ageri diren Jone Agirre (Narbarte), June Juanena (Doneztebe), Maddi Migeltorena (Donamaria), Malen Eraso (Doneztebe), Ainara Ordoñez (Narbarte) eta Izadi Erasun (Doneztebe). Gustura ibili zirela kontatu dute. Izadi Erasunen hitzetan, «arrunt ongi pasatu dugu, gauza aunitz ikasi ditugu, adibidez, telefonoaren kamerarekin argazki hobeak egiten». Malen Erasok, berriz, «ihes joko batean jostetan» aritu zirela kontatu du: «eta ikasi dugu sare sozialetan situazio batzuetan zer egin; adibidez, ezagutzen ez duzun norbaitek jarraipena eskatzen dizunean edo argazkiak eskatzen dizkizunean».

Bertzalde, ez dira eskualdeko ordezkari bakarrak izan. Argazkilaritza telefono mugikorrarekin tailerra, adibidez, Oier Fuentes beratarrak gidatu du. 

Jardunaldi hauetan gazteak Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Unibertsoan euskaraz murgildu nahi izaten dituzte, eta teknologiara eta unibertso digitalera hurbiltzeko bertzelako moduak eskaini ikasleei: «Euskaratik eta euskaraz, software libreen aukerak arakatuz, teknologia berrienen aplikazio praktikoak entendituz, eta sare sozialen abantaila eta arriskuen aurrean iritzi kritikoa eraikitzeko tresnak emanez».

Helburu nagusia «euskarazko kultura digitala sustatzea» bada ere, bertzelako helburuak ere badituzte: «Gazteek euren gailu digitaletan euskarazko software eta sistema eragileak instalatzea, ikasleek euskara gaur egungo eta etorkizuneko hizkuntza baliagarri gisa hautematea eta parte hartzaileek teknologiekin euskarazko esperientzia on eta gozagarria edukitzea». Aurten denetara 271 ikaslek parte hartu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun