Doneztebeko Mendaur institutuko 60 gaztek Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldietan parte hartuko dute

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 14a

Ortzegun honetan, urriaren 16an, Baionan eginen dute Xare. Euskarazko kultura digitala sustatzea helburu duten jardunaldiak dira, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutakoak.

Jardunaldi hauetan gazteak Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Unibertsoan euskaraz murgildu nahi dituzte, eta teknologiara eta unibertso digitalera hurbiltzeko bertzelako moduak eskainiko dizkiete ikasleei: «Euskaratik eta euskaraz, software libreen aukerak arakatuz, teknologia berrienen aplikazio praktikoak entendituz, eta sare sozialen abantaila eta arriskuen aurrean iritzi kritikoa eraikitzeko tresnak emanez».

Helburu nagusia «euskarazko kultura digitala sustatzea» bada ere, bertzelako helburuak ere badituzte: «Gazteek euren gailu digitaletan euskarazko software eta sistema eragileak instalatzea, ikasleek euskara gaur egungo eta etorkizuneko hizkuntza baliagarri gisa hautematea eta parte hartzaileek teknologiekin euskarazko esperientzia on eta gozagarria edukitzea».

Denetara 271 ikaslek parte hartuko dute eta horien artean 60 Doneztebeko Mendaur institutukoak izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun